EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

U-21

ETAren amaierak hauteskunde-eztabaida goritu du ETBn

Ezker abertzaleari gogoeta eta Rajoyri espetxe politika aldatzeko esan die EAJk. Memoria oinarri hartuta lan egin behar da, PP eta PSE-EEren ustez. Autokritika abiapuntua izango da EH Bilduren ustez.

Hauteskunde eztabaida ETB-1en Argazkia: EITB
Hauteskunde eztabaida ETB-1en Argazkia: EITB
ETB1eko lehen hauteskunde eztabaida

07:03

Maider Beistegi / Iker Gonzalez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde-kanpaina hasi denetik ETAren inguruan lehen aldiz hitz egin dute zabal eta irmo urriaren 21eko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi nagusietako ordezkariek.

ETAren indarkeriarik gabeko lehen hauteskunde-kanpaina izanda, erakunde armatuaren amaiera nola kudeatu aztertu dute EAEko hauteskunde autonomikoetarako hautagaiek ETB-1eko lehen eztabaidan.

Ander Arzakek gidatuta, Joseba Egibarrek (EAJ), Jon Azkuek (PSE-EE), Marian Beitialarrangoitiak (EH Bildu), Laura Garridok (PP) eta Gorka Maneirok (UPyD) ekonomia eta krisia, bakegintza eta normalizazioa izan dute hizpide.

Joseba Egibarrek (EAJ) azpimarratu duenez, "zapalduak izan diren hainbat balore erreskatatu behar dira. Iraganaren inguruan hitz egin behar dugu, zintzo eta egia eskutan. Zapalketa asko izan dira eta etorkizunari begira printzipio batzuk finkatu behar ditugu gertatutakoa berriro jazo ez dadin". .Egoera berri honen aurrean, Espainiak espetxe politika aldatu behar duela uste du Egibarrek. Horren ildoan, mezua helarazi dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari: "Ausartago izan behar du, geldirik egoteari utzi eta ETArekin bukatu beharrekoa bukatu eta espetxe politika aldatu behar du".

ETAk zein ezker abertzaleak gogoeta egin behar dutela nabarmendu du Egibarrek: "ETAk esan du borroka armatua uzten duela ez delako eraginkorra politikoki. Egin duen minaren inguruan gogoeta egin behar du ETAk", esan du. Autokritika denek egin behar dutela erantzun du EH Bilduko ordezkariak: "Hori izango da abiapuntua", azpimarratu du.

Jon Azkue (PSE) pozik agertu da "askatasuna eta demokrazia defenditu dugunok terrorismoaren porrota lortu dugulako". PSE-EEko ordezkariak argi du zein den erakunde armatuaren azkenaz eztabaidatzeko foroa: "Legebiltzarrean egin behar dugu lan, ez beste inon". Ezker abertzaleari ezer zor ez diotela esan du Azkuek; "zuek zor diozue zerbait herriri", esan dio Marian Beitialarrangoitiari. Oroimena zutabe hartuta lan egin behar dela adierazi du Azkuek: "Biktimak gogoratu behar ditugu beti, ezberdin pentsatzen zutelako hil zituztelako", esan du.

Itxaropentsu agertu da Laura Garrido PPko ordezkaria ere. Etorkizunari begira, PPren helburuak "elkarbizitza, askatasuna eta ETAren desagerpena" direla adierazi du, eta, horren ildoan, terrorismoaren biktimak beti aintzat hartuko dituztela gaineratu.

Krisi ekonomikoarekin batera, normalizazioa da EH Bilduren lehentasuna, Marian Beitialarrangoitiak gogoratu duenez. Bi indarkeria izan direla esan du EH Bilduko ordezkariak, ETArena eta Estatuarena, eta , horren harian, "min guztiak" aitortzearen alde agertu da. Hurrengo legegintzaldia "akordioarena" izan behar dela sinetsita dago Beitialarrangoitia.

ETAren auziak eztabaida gori jarri du une batzuetan. Hain justu, Laura Garridok ETAren indarkeria gaitzesten duen galdetu dio Marian Beitialarrangoitiari eta hala erantzun dio EH Bilduko ordezkariak: "Nik nahi dudana da zuekin eta guztiekin etorkizuna eraikitzea". Gaitzespen argi bat galdegin dio berriro Garridok, eta giza eskubide urraketa guztiak gaitzesten ote dituen erantzun dio orduan Beitialarrangoitik Garridori: "Zuk egin duzu ibilbide hori? Nik onartzen dut herri honetan min asko egon direla eta daudela".

Gorka Maneirok (UPyD) gogoratu duenez, "ETA bizirik dago, ez da desagertu. Helburua ETA desagertzea da, baldintzarik gabe eta betirako. Ezin da hitz egin borroka armatuari buruz, baizik eta terrorismoari buruz". Autokritika soilik ETAk eta ezker abertzaleak egin behar dutela uste du Maneirok. Eta presoen auziaz ere ez du zalantzarik: "Presoek krimenak egin dituzte eta horregatik euren zigorrak bete behar dituzte kartzelan. Zergatik eskatzen dute presoak kaleratzea? Ez dago preso politikorik; terroristak dira".

EH Bilduri eskatu dio ETAri baldintzarik gabe desager dadin eskatzeko eta hilketa guztiak gaitzesteko.

Krisi ekonomikoa

Joseba Egibar jeltzaleak uste du "Espainiak efektu negatiboa sortzen diola euskal ekonomiari", eta , horrenbestez, Espainiako ereduak ez duela balio. Iritzi berekoa da Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) ere: "Madrili begiratzeari utzi eta Europa Iparraldeari begiratu behar diogu. Espainia markarekin munduan zehar ez dago asko saltzerik".

Hari-mutur horri tiraka, euskal enpresek ia % 90 kanpoan, "Espainiatik eta baita Europatik kanpo", saltzen dutela nabarmendu du Egibarrek.

Patxi Lopezen Gobernuak Rajoyren murrizketen aurrean egin duen plantoa ekarri du gogora Jon Azkuek (PSE), eta Laura Garridok Osasun eta Hezkuntza zerbitzuetan murrizketak egin izana aurpegiratu dio Azkueri.

Ekonomia bizkortzeko eta lanpostuak sortzeko, aurrena industria sendotu behar dela bat datoz alderdiak. Horren ildoan, euskal enpresak nazioarteko bihurtu behar direla defenditu dute Egibarrek eta Jon Azkuek. Krisitik ateratzeko egungo eredua baliogarria dela uste du Garridok, baina autogobernuan "sakondu" behar dela nabarmendu du.

Gorka Maneiroren ustez, krisitik ateratzeko gakoetako bat Euskadiren eredu instituzionala erreformatzea da; "bikoiztasunekin amaitu eta dirua enpresei laguntzeko erabili behar da", esan du.

Lau lehendakarigaiekin eztabaida handia, asteazkenean, ETB-2n

Datorren asteazkenean, hilak 17, Iñigo Urkullu (EAJ), Patxi Lopez (PSE-EE), Antonio Basagoiti (PP) eta Laura Mintegi (EH Bildu) lehendakarigaiek hartuko dute parte ETB-2ko bigarren hauteskunde-eztabaidan, 22:30etatik hasita. Radio Euskadik eta eitb.com-ek zuzenean emango dute eztabaida hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea