EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Programa ekonomikoa
Urkulluk 'akordio zabala' eskatu du ekonomia eta enplegua sustatzeko
"Denbora gehiegi bizi izan gara gatazka politiko, ekonomiko eta sozialean murgilduta", kritikatu du buruzagi jeltzaleak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EBBren presidente eta EAJren lehendakarigaiak "ekonomia eta enplegua suspertzeko herri akordio zabala" proposatu du, "erakundeen eta agente ekonomiko eta sozialen elkarlanarekin eta laguntzarekin " krisitik ateratzea posible delakoan. "Denbora gehiegi bizi izan gara gatazka politiko, ekonomiko eta sozialean murgilduta", kritikatu du buruzagi jeltzaleak.
Urkulluk EAJren programa ekonomikoa aurkeztu du Xabier Agirre Arabako zerrendaburuarekin batera egindako ekitaldian.
Urkulluk azaldu duenez, egungo krisi ekonomikoan "borondateak eta gaitasunak elkartu behar dira, buruzagitza berri bat hartu eta enplegua eta ekonomia sustatzeko".
Hori dela eta, "gobernu indartsuak eta gaitasuna dutenak" behar direla aldarrikatu du eta "enplegua eta ekonomia sustatzeko akordioa" proposatu. Haren esanetan, beharrezkoa da "gehiago kontzertatzea", zeren "denbora gehiegi bizi izan gara gatazka politikoan, ekonomikoan eta sozialean murgilduta".
"Berehala lanean hasteko planak jarriko ditugu martxan eta enplegu politika pasiboen kudeaketa eskatuko dugu, Gernikako Estatutuak hala agintzen baitu", azpimarratu du.