EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Urriak 21
Basagoiti: 'PP da ez-abertzaleen lehenengo aukera'
"Eskuartean ditugun datuek diotenez, euskal herritar eta espainiar sentitzen den gehiengo isilak PPren aldeko hautua egin du", PPren buruzagiak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidente eta lehendakarigaiak azaldu duenez, inkestek diote PP dela "ez-abertzaleen lehenengo aukera". Era berean, PSEko kideei "non dauden ere ez" jakitea leporatu die.
PPren EAEko buruak Forum Europa-Tribuna Euskadik Bilbon antolatu duten hitzaldi batean parte hartu du, eta Javier Maroto Gasteizko alkatearen aurkezpenean egin ditu adierazpenok.
"Inkestek diote PPk dagoeneko PSE-EE harrapatu duela boto asmoan. Eskuartean ditugun datuek diotenez, euskal herritar eta espainiar sentitzen den gehiengo isilak PPren aldeko hautua egin du", azpimarratu du Basagoitik.
Basagoitiren esanetan, "normala" da PP izatea ez-abertzaleen hautua, izan ere, "herritarrek badakite zer dagoen jokoan, eta jokoan dagoena ez da beharrezkoak diren murrizketak, Kataluniako eta Euskadiko abertzaleek bilatzen duten independentzia baizik".
"PP da Espainia Konstituzionalaren desegitearen aurrean erantzun argia eta moderatua eman duen bakarra; PSOEko buruzagiek non dauden ere ez dakite", gaineratu du.
"Susto itzela"
Baina PPren helburua ez omen da sozialistei gailentzea bakarrik, eta "espainiar ere sentitzen diren guztiek urriaren 21eko hauteskundeetan parte hartzen badute EAJk eta Bilduk susto itzela" hartuko dutela aurreikusi du Basagoitik.