EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
PSE-EEren Biltzar Politikoa
Zerga erreforma Legebiltzarrean eztabaidatzea proposatu du Lopezek
Lehendakariak PFEZ % 60ra igo nahi die urtean 115.000 eurotik gora irabazten dituztenei.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak datorren legegintzaldian PSE-EEk "Legebiltzarrean EAEko zerga sistema eztabaidatzea" proposatuko duela esan du.
Zerga erreforma "sakona" proposatu du Lopezek eta elkartasun neurri batzuk hartzea premiazkoak direla uste du, besteak beste, urtean 115.000 eurotik gora irabazten dituztenei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) % 60a igotzea.
Jaurlaritzako buru den bitartean, "herritarrek, Euskadin, koordainketarik gabeko zerbitzu publikoak bermatuta izango dituzte, eskolen edo ospitaleen itxierarik gabe, eskubideak murriztu gabe eta besteen beharrekin batzuek negozioa egiteko pribatizaziorik gabe", esan du.
EAJko presidenteak, Iñigo Urkulluk, "erreforma hau guk hasieratik proposatu genuenean onartu izan balu, Euskadik, gaur, ez luke ia zorrik izango, eta ondorioz, enplegua sortzeko plan gehiago egongo lirateke", azpimarratu du.
Adierazpen hauek PSE-EEren Biltzar Politikoan egin ditu lehendakariak, Euskalduna Jauregian, "Garrantzitsuagatik lan egin" lelopean.
Neurriak
Ekitaldian, "justizia bilatzen duen zerga erreforma sakona" proposatu du. "Datorren legegintzaldian zerga erreforma bat egin nahi dut, eraikitzea hainbeste kostatu zaigun gizarte eredua bermatzeko eta etorkizunean, baliabide falta argudiatuta, inork desegin ahal ez izateko".
Krisi garaian elkartasun neurriak proposatu ditu, eta besteak beste, urtean 115.000 eurotik gora irabazten dituztenei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) % 60a igotzea proposatu du.
Bestalde, ondarearen gaineko zerga ordezkatuko lukeen aberastasun handia duten pertsonei ezarriko litzaiekeen zerga bat proposatu du eta "milioi eta erdi eurotik gorako ondarea dutenei, elkartasun zerga berezi bat" jartzea defendatu du.