EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Elkarrizketa ETB-n
Oyarzabal: 'Kataluniakoa EAEn errepikatuko da hauteskundeen ondoren'
EAEko PPko presidentearen ustez, EAJk eta Bilduk "fronte independentista" osatuko dute.
Erredakzioa
Urriaren 21eko hauteskundeen ostean, Euskadin "Kataluniako hordago independentista" errepikatuko dela ohartarazi du Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari nagusiak. Halaber, EAJk eta Bilduk "fronte independentista" osatuko dutela iritzi dio.
"Egun on Euskadi" ETB-2ko saioan egindako elkarrizketan, Oyarzabalek Katalunian "erasoaldi independentista" abiatu dutela adierazi du, "seguro aski nazionalisten kudeaketa txarra ezkutatzeko".
"Nolanahi ere, gure bizikidetza esparrua hautsi nahi duen hordago independentista da, eta, Euskadin, Urkullu Masen antzekoa da, eta Urkulluk eta Bilduk Kataluniakoaren antzeko prozesu bat abiatu nahi dute", nabarmendu du.
EAEko PPko idazkari nagusiak kalera ateratzeko eta "bizikidetza esparruak bermatzen saiatzeko" dei egin die "euskal herritarrak eta espainiarrak" sentitzen direnei. Gainera, "arduraz" jokatzea eskatu du, krisitik ateratzeko "batasuna" behar delako.
Horren ustez, Kataluniakoa "hemen urriaren 21en ostean gerta daitekeenaren adibide da". "EAJk eta Bilduk fronte independentista osatu nahi dute, Espainiarekin lotura hausteko eta bizikidetza esparruak hausteko".
Horrenbestez, "tentsio nazionalista-independentista" aurrera egiteko "oztopo" dela salatu du. "Aski da" esan beharra dago, gaineratu du.