EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskundeen aurrerapena
Lehendakarigaiak, banan-banan
Laura Mintegi izango da emakume bakarra Lehendakaritzarako lehian. Hiru bizkaitar, bi gipuzkoar eta nafar bat izango dira euskal alderdietako hautagai nagusiak.
Iñigo Herce
Urriaren 21eko hauteskundeetarako lehendakarigaiak izendatu dituzte jada alderdiek.
Eusko Alderdi Jeltzaleak Iñigo Urkullu (Alonsotegi, 1961) izendatu zuen Ajuria Eneko hurrengo maizterra izateko. Egun, alderdiko presidentea da Urkullu, eta ardura hori albo batera utzi beharko luke lehendakari kargua hartu ahal izateko, alderdiko barne arauek hala aginduta. Aurreko hauteskundeetan Juan Jose Ibarretxek bildutako boto kopuruari eustea eta EAEko lehen indarra izatea da jeltzaleen buruaren erronka nagusia.
Patxi Lopez (Portugalete, 1959) Alderdi Sozialistaren aktiborik onena da, bigarren indarra izatea lortu eta Alderdi Popularrarekin ituna egiteari esker, historiako lehen lehendakari sozialista izatea lortu baitzuen. Jaurlaritzatik Mariano Rajoyren gobernuaren murrizketei aurre egiteko asmoan oinarritu du diskurtsoa azken hilabeteotan Lopezek.
Antonio Basagoitik (Madril, 1969) ere errepikatuko du, popularren aurpegi nagusi bezala. Duela hilabete batzuk Alderdi Sozialistarekin zuen ituna amaitutzat ematea erabaki ondoren, hauteskundeak aurreratu zitezkeela guztion ahotan izan da, Jaurlaritzak ez baitzuen jada Legebiltzarrean gehiengo nahikorik. Patxi Lopezek Espainiako Gobernuarekin izan duen jarrera izan da Alderdi Popularraren argumentua hiru urte iraun duen ituna bertan behera uzteko. Aurreko hauteskundeetan hirugarren indarra izanik, bere botoak erabakigarriak izan ziren jeltzaleak Ajuria Enetik kentzeko, eta "gako" paper hori errepikatzea izango da Basagoitiren erronka hurrengo hauteskundeetan.
Euskal Herria Bildu koalizioak Laura Mintegi izango du zerrendaburu, hauteskunde lehiako emakume bakarra. Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak osatzen duten koalizioa bigarren indarra izango da, zenbait inkestaren arabera, eta jeltzaleengandik gertu izatea ere lor lezakete. Koalizioko arduradunek, halere, lehen indarra izatea lortzeko asmoa azaldu dute, eta euren helburua Lehendakaritzara heltzea dela ziurtatu dute.
Mikel Arana egungo legebiltzarkidea (Ordizia, 1973) izango da Ezker Anitza-IU alderdiaren lehendakarigaia. EB-Berdeaken eta Ezker Anitzaren zatiketaren ondoren, egun duen eserlekuari eustea izango da alderdiaren helburu nagusia.
Azkenik, UpyD alderdiak Gorka Maneiro legebiltzarkidea (Donostia, 1975) aurkeztuko du lehendakarigai, 2009an bezala eserleku bat lortzeko xedearekin.