EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

I25

EH Bilduk lortu du EAJrekin Bizkaian lehian zuen azken eserlekua

Atzerriko botoak zenbatu eta aurkeztutako helegiteak aztertuta, EAJk, eserleku bat galdu eta 28 izango ditu; koalizioak abertzaleak, ostera, bat irabazi du eta 18 izango ditu.

Argazkia: EFE

EH Bilduk lortu du EAJrekin lehian zuen azken eserlekua

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaian EAJren eta EH Bilduren artean lehian zen azken aulkia EH Bilduk lortu duela baieztatu du Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak, behin I25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako botoen behin betiko zenbaketa amaituta eta inpugnazioak aztertuta. Beraz, jeltzaleek 28 ordezkari izango dituzte Eusko Legebiltzarrean eta koalizio abertzaleak, ostera, 18.

Atzerrian bizi diren egoiliarrek bidalitako botoen zenbaketaren ostean, Bizkaiko azken eserlekua EAJrentzat zen. Hala ere, Hauteskunde Batzordeak EH Bilduk jarritako hainbat helegite onartu ditu, eta horrek koalizioari eman dio eserlekua, EH Bilduren esanetan.

EH Bilduk txio hau idatzi du bere Twitter kontuan:

EAJk eskuratu du babes handiena atzerrian bizi diren Bizkaiko hautesleen artean, EAJk 494 boto eta EH Bilduk 220 jaso baitituzte atzerritik. Atzerrian bizi diren Egoiliarren Hautesle-erroldako (AEHE) botoen gaineko zenbaketa ostiral honetan egin da, Bizkaiko Hauteskunde Batzordean.

Alderdi bien artean izandako tarte txikiak aukera zabaldu zuen Bizkaiko parlamentari hori eskuz aldatu eta EH Bilduk eskura zezan.

Irailaren 25eko hauteskunde-gauean, aipatu jarlekua bi alderdien artean egon zen dantzan, baina azkenean jeltzaleek eskuratu zuten 80 botoren aldearekin.

Alabaina, aukera hori bertan behera geratu da atzerriko botoak zenbatu eta gero. Guztira, 2.306 lagunek eskatu zuten atzerritik bozkatzeko aukera, eta honako hauek izan dira izandako emaitzak: EAJ, 494 boto; Elkarrekin Podemos, 253 boto; EH Bildu, 220 boto; PP, 210 boto; PSE-EE, 163 boto, eta Ciudadanos, 59 boto. Gainerakoak beste alderdi eta koalizio batzuentzat izan dira.

Ondoren, ordea, alderdi politikoetako ikuskatzaileek, ustez, hainbat hauteskunde mahaitan izandako gorabehera edo akatsengatik aurkeztutako helegiteak aztertu ditu Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak. Azken zenbaketaren arabera eta Bilboko, Zornotzako, Bermeoko eta Basauriko mahaietako botoak kontatuta, Bizkaiko azken eserlekua EH Bildurentzat izango da 44 botoren aldeagatik.

Horrenbestez, Eusko Legebiltzarreko osaketa honela gelditu da: EAJk, 28 ordezkari; EH Bilduk, 18; Elkarrekin Podemosek, 11; PSE-EEk 9 eta PPk 9.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP berriak Ciudadanos Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi