EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Soziometroa
Herritarren % 18k EAJren eta EH Bilduren arteko gobernua nahi du
Alabaina, herritar gehienen aburuz, azkenean EAJk eta PSE-EEk egingo dute gobernua osatzeko akordioa.
eitb.eus
Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak banatuta daude Eusko Jaurlaritzaren osaketarako nahiago dituzten akordioen inguruan. Hori horrela, % 18k EAJren eta EH Bilduren arteko hitzarmena aukeratuko lukete, ordea, beste % 16k gehiago atsegin du EAJren eta PSE-EEren artekoa; alabaina, herritar gehienen aburuz, azkenean EAJk eta PSE-EEk egingo dute gobernua osatzeko akordioa, iritzi hori baitute herritarren % 39k.
Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiko Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestaren emaitzak dira. Ikerketaren gai nagusia irailaren 25eko hauteskunde autonomikoen ondoko inkestan, EAEko biztanleek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruan izandako jokabidea aztertu du. Landa lana hauteskundeen ondoko egunetan egin da, irailaren 26an eta 27an.
Kanpainari buruzko interesa
Ikerketaren arabera, 2016ko irailaren 25eko hauteskunde autonomikoek interes handia edo nahikoa interes izan dute herritarren % 56rentzat. 2012ko hauteskunde autonomikoetan (% 57) eta azken hauteskunde orokorretan (% 54) antzeko datua erakutsi zuten inkestek.
Botoa erabakita
Boto-emaileen % 79k kanpaina hasi aurretik erabaki zuten botoa ematera joango zirela, % 11k kanpainan zehar erabaki zuten, % 2k hauteskundeen aurreko egunean hartu zuten erabaki hori, eta % 8k, hauteskundeen egunean bertan. Botoa ematera joan ez zirenen % 51k kanpaina hasi aurretik erabaki zuten.
Botoa ematera joan ziren herritarren % 62k botoa konbentzimenduz erabaki zuten, hainbat zalantzarekin %13k eta aukera txarretan onena zela uste zuten botoa eman zuten herritarren %23k.
Halaber, botoa ematera joan zirenen % 96 emandako botoarekin konforme daude. Aitzitik, hauteskundeetako emaitzak ikusita, botorik eman ez zutenen % 14k nahiago lukete botoa eman izan balute. Ehuneko hau % 23raino igotzen da Gipuzkoan.
Emaitzak ezagutu
EAEn hauteskunde autonomiko hauetan zein alderdik lotu dituen boto gehien galdetuta, herritarren % 93k dakite EAJ izan dela, eta % 68ren iritzian, emaitzak gehienbat positiboak izan dira; galdetutakoen % 10en ustez, berriz, gehienbat negatiboak izan dira.