EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
I 25
Otegik berretsi egin du EAJ eta Podemosekin ituna adosteko proposamena
EH Bilduko bozeramaileari funtsezkoa iruditzen zaio hiru alderdien arteko akordioa, Euskadin 'ahalik eta gobernurik egonkorrena' osatzea lor dadin.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko bozeramaileak berretsi egin du atzo EAJ eta Podemos alderdiei egindako proposamena. Bere esanetan, "ahalik eta gobernurik egonkorrena" lortzea da xedea. Dena den, ez du bestelako akordiorik baztertu.
Eusko legebiltzarra osatuko duten "75 diputatuen gehiengo nagusiak (57) dio nazio bat garela eta etorkizunari buruz libre erabakitzeko eskubidea dugula". Nazio bat garela dioen bloke berak, halaber, ezkerreko politikak bultzatzen dituela azpimarratu du.
Hori dela eta, "EH Bilduk berriz luzatzen dio eskua EAJ eta Podemos alderdiei, baina baita ordezkari sozial eta sindikalei ere, proiektu nazional eta herritar handia eraikitzeko". "Ziur gaude herrialde honek aukera aprobetxatuko duela, arlo sozialean eta nazionalean aurrera eginez". Horrez gain, "eragile guztiek bizi dugun une historikoak eskatzen duen moduan jokatzea espero du".
EH Bildu prest dago Gobernua eratzeko hitzarmen baterako, legegintzaldirako itunak edo puntualak ere alde batera utzi gabe. Alabaina, gehiengo sindikalek babestutako akordio "egongokorra" nahiko lukete, segurtasuna eta arlo sozialean ere azkar aurrera egiteko aukera emango duena.
Inbestidura eta autogobernua
Bestalde, EH Bilduk inbestidurara hautagaia aurkeztu behar izatea "albiste txarra" izango litzatekeela deritzo Otegik, "gaur proposatzen ari garen itunak porrot egin duela esan nahiko lukeelako". Dena den, hiru alderdien arteko ituna posible ez bada, garbi dute alternatibaren bat planteatuko dutela.