EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
I25
Ahal Duguk EAJ babestea baztertu du eta oposizioan kokatu da
Eduardo Maura Elkarrekin Podemoseko kanpainako arduradunak azpimarratu duenez, jeltzaleen 'bazkide tradizionala' izan den Alderdi Sozialistak erabakiak hartu beharko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskadiko Ahal Duguk EAJk gidatutako Eusko Jaurlaritza babestea baztertu du eta I25eko hauteskundeen ostean hasiko den legegintzaldian oposizioan kokatu du bere burua. Ildo horretan, oposizio "sendoa" eta "eraikitzailea" egingo duela adierazi du.
Nagua Alba Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusiak eta Eduardo Maura Podemoseko diputatu eta hauteskunde kanpainako arduradunak Elkarrekin Podemos koalizioak igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako emaitzak aztertu dituzte Bilbon egindako prentsaurrekoan. Elkarrekin Podemos koalizioaren baitan aurkeztu dira Euskadiko Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo alderdiak.
Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten zen lehendabiziko aldia zen eta estreinaldian hirugarren indarra izatea lortu du EAJren eta EH Bilduren atzetik, 156.671 boto eta 11 eserleku eskuratuta.
Koalizioak EAJ babesteko aukeraz galdetuta, Eduardo Maurak erabat baztertu du aukera hori eta gaineratu du jeltzaleen "bazkide tradizionala" izan den Euskadiko Alderdi Sozialistak erabakiak hartu beharko dituela.
Nagua Albak azpimarratu duenez, Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten zen lehen aldia izaki, emaitzek ez daukate aurrekaririk. Inkestek Elkarrekin Podemosen emaitza hobeak aurreikusten bazituzten ere, Legebiltzarreko hirugarren indarra izatea "emaitza ona" dela nabarmendu du Nagua Albak.
"Oposizioko indarra izatea dagokigu legegintzaldi honetan, bere usteetan sendoa, umila eta aldi berean eraikitzailea izango dena", gaineratu du Nagua Albak.