EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

I25

Zabala: 'Podemosen erronka gehiengo sozial berria eratzea izango da’

Koalizioak 11 eserleku izango ditu Eusko Legebiltzarrean. Sarrera “historikoa” izan dela esan du Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak.

Pili Zabala: 'Emaitza historikoa izan du Elkarrekin Podemosek'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean izango duen sarrera “historikoa” goraipatu du Pili Zabala koalizioko lehendakarigaiak. “Erronka gehiengo sozial berri bat eratzea” izango dela gaineratu du Zabalak.

Podemosek, Ezker Anitzak eta Equok osatzen duten koalizioa lehen aldiz izango da bertan, I25eko hauteskundeetan 11 ordezkari lortu ondoren. Koalizioak 156.671 boto eskuratu ditu, bozen % 14,83.

Podemos lehen indar politikoa izan zen EAEn iragan ekaineko hauteskunde orokorretan, 333.000 boto erdietsita. EAEko hauteskunde autonomikoetan, ordea, hirugarren lekuan geratu da, EAJren eta EH Bilduren atzetik, orduan lortu zituen botoen erdiak lortuta.

Elkarrekin Podemoseko buruzagiak eta jarraitzaileak Bilborocken bildu dira, hauteskunde gaua jarraitzeko. Pili Zabalaren ahotan, “inork sekula ez du lortu Eusko Legebiltzarrera” 11 eserlekurekin sartzea.

Koalizioak bere eremu politikoa sendotu duela eta, pozik agertu da Zabala, eta Podemoseko legebiltzarkideek “larrua utziko dute” ordezkaritza duten tokietan “gauzak hobeto eta gizarte politika hobeak” egiten direla agerian uzteko, horren esanetan.

“Herria ongi” ordezkatzeko “gogorrago” lan egingo dutela azpimarratu du Zabalak. “Erronka bera da, gehiengo sozial berri bat eratzea eta Euskadi aberatsago, orekatuago eta jasangarriago bat lortzeko aldaketak zuzentzea”, gaineratu du.

“Politika berrietan pentsatzeko eguna da, politika sozial aurreratuago eta krisi ekonomikoari bidezko irtenbide bat emateko gehiengo bat eratzeko”, azaldu du. Azkenik, eskerrak eman dizkie Elkarrekin Podemosen kanpainan parte hartu duten pertsonei eta boto-emaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Hauteskundeak Euskadin Alderdi politikoak berriak