EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
I25
Hauteskunde-makinaria, prest
Guztira, 16 hautagaitza aurkeztuko dira EAEko hauteskundeetara; horietatik bederatzi, hiru lurraldetan. Ia 64.000 gaztek izango dute aukera lehen aldiz bozkatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko 1.783.411 herritarrek izango dute botoa emateko aukera igande honetako hauteskunde autonomikoetan; horietatik, 63.916k lehen aldiz egiteko aukera izango dute. 2.593 hauteskunde-mahai izango dira, 720 hauteskunde-eskolatan. Herritarrek 16 hautagaitza izango dituzte aukeran, guztira, EAEn.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Eugenio Artetxe Hauteskunde Prozesuetako zuzendariak prentsaurrekoa eman dute, goizean, hauteskundeekin lotutako datuak aurkezteko. Botoak zenbatu eta emaitzak zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak prestatutako prozesuaren berri eman dute.
Sailburuak jakitera eman duenez, hauteskunde-erroldan 1.783.411 hautesle daude, 2012ko autonomikoetan baino 8.078 lagun gehiago. Gipuzkoan igo da gehien hautesle-kopurua; izan ere, 2012an baino 5.085 lagun gehiago daude deituta. Araban, duela lau urte baino 3.679 lagun gehiagok izango dute bozkatzeko aukera; eta Bizkaian, azkenik, apur bat jaitsi da, 776 hautesle gutxiago baitaude. Gainera, EAEn, 63.916 gaztek izango dute lehen aldiz parte hartzeko EAEko hauteskundeetan.
Igandean 720 hauteskunde-eskola zabalduko dituzte, eta 2.593 hauteskunde-mahai egongo dira (2012an baino 185 gutxiago). Zozketaz aukeratutako 23.000 lagun arduratuko dira mahai horietaz (titularrak eta ordezkoak). Duela lau urte baino mahai gutxiago daudenez, orduan baino 2.000 lagun gutxiagori egokituko zaie hauteskunde-mahaietan egotea.
Herritarrek 16 hautagaitza izango dituzte aukeratzeko. Horietatik bederatzi hiru lurraldeetan aurkeztuko dira; hiru, EAEko bi probintzietan aurkeztuko dira (Familia y Vida Alderdia, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Ongi Etorri-Escaños en Blanco Araban eta Bizkaian); lau alderdi lurralde bakarrean aurkeztuko dira (Alderdi Komunista eta Alderdi Humanista Bizkaian, Libertad Navarra Gipuzkoan eta Vox Araban).
18,1 milioi boto-txartela
Hauteskunde hauetarako, 18,1 milioi boto-txartel prestatu dituzte, eta 1,5 milioi gutun-azal; hauteskunde-mahaietan egongo dira.
56.400 lagunek eskatu dute posta bidezko botoa (2012an 4.695k eskatu zuten). 500.000 inprimaki zeuden prest horretarako, baita beste horrenbeste gutun-azal eta jarraibide-orri, eta mahaietako kideentzako 34.000 eskuliburu.
5.000 ertzain eta udaltzain
Ertzaintzako eta Udaltzainetako 5.000 agente arduratuko dira segurtasunaz. Bestalde, gaixo dauden herritarrak edota gutxitasunen bat dutenak botoa ematera joateko doako zerbitzua eskainiko da, Gurutze Gorriak eta DYAk lagunduta. Duela lau urte ia 200 lagunek eskatu zuten zerbitzu hori.
Botoak jaso, zenbatu eta zabaltzeko prozesua
Botoak jaso, zenbatu eta zabaltzeko prozesuaren berri Eugenio Artetxek eman du. Eusko Jaurlaritzaren informatika eta telekomunikazio sarearen bidez egingo dute lan hori.
Emaitzak hauteskunde-mahaietan jasoko dituzte Administrazioko beharginek, eta gero prozesatuko dituzte, "berehala", hainbat euskarritan eskuragarri izateko.
Herritarrei 21:00ak inguruan, gutxi gorabehera, emango zaizkie jakitera lehen emaitzak. 22:30ak aldera boto guztiak zenbatuta izatea aurreikusi dute.