EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Kanpaina amaiera
Otegi: 'Itunak norekin egin nahi dituen ezkutatzen du Urkulluk'
Arnaldo Otegik "hiru indar politiko handien arteko akordioa" proposatu du berriro, EH Bilduri, EAJri eta Elkarrekin Podemosi aipu eginez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak hauteskundeen ostean “itun politikoak norekin eta zertarako” egin nahi dituen “ezkutatzea” leporatu dio Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiari.
Donostian egin du EH Bilduk hauteskunde kanpainaren bukaerako ekitaldia. Otegi alboan zutela, han izan dira Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren. Joan Tarda ERCko diputatuak eta David Fernandez CUPeko parlamentari ohiak ere parte hartu dute ekitaldian.
Agerraldian, Otegik esan du Iñigo Urkullu “gezurretan” ari dela, “behin eta berriro esaten duelako Podemos eta EH Bilduren artean itun sekretu bat dagoela bera Jaurlaritzatik botatzeko, baina badaki horrelako plan ezkuturik ez dagoela”. Beraz, “zergatik ari da uneoro gezurrak esaten?”, galdetu du.
“Hemen eskaintza bakarra dago, hiru indar politiko handien (EH Bildu, EAJ, Elkarrekin Podemos) arteko ituna, erreskate sozialerako plana, subiranotasun nazionala berreskuratzeko plana eta zauriak ixteko eta aurreko fasetik solte geratu diren gauzak konpontzeko plana abian jartzeko”, azaldu du.
Hala ere, proposamen horrek Urkullu “urduri” jartzen duela iritzi dio. Areago, hauteskundeen ostean itun politikoak norekin egin nahi dituen “ezkutatu” izana leporatu dio. “Jarrera hori ez da oso zintzoa, ezta oso demokratikoa ere; herritarrek eskubide osoa dute alderdiek euren botoekin zer egingo duten jakiteko, itunak norekin eta zertarako egingo dituzten jakiteko”.
Era berean, Urkulluk “Euskal Estatu subiranoa” aldarrikatzeari utzi diola deitoratu du, “euskal herritarron Estatua Espainia eta Frantzia izatea defendatzeko”.
Elkarrekin Podemosi dagokionez, Otegik esan du “gauza askok” batzen dituela bi koalizioak, baina erantsi du badagoela ezberdintasun handi bat: “EH Bildun konbentzituta gaude aldaketa hemen posible dela, baina Podemosek nahi eta ezin du”.
“Ondoko galdera egiten diegu: Zertarako itxaron behar dugu, hemen jada aldaketa egitea posible bada? Egin bat prozesu konstituziogileekin”, azpimarratu du Otegik.
Bestalde, Maddalen Iriarte esan du Euskal Herria “bertan bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek” osatzen dutela.
“Guk ez dugu nortasun-agiririk ematen, baina ez ditugu kentzen ere. Guk inoiz ez diegu ukatuko Fortunato Agirre, Arturo Campion, Iñaki Perurena, Joseba Asiron edo Uxue Barkosi euskal herritarrak direla. Euskal herritarrak dira, noski, nafarrak direlako. Hau denon herria da”, nabarmendu du.