EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Kanpainaren hamabigarren eguna
Ekonomiak eta politika sozialek kanpainaren erdigunean jarraitzen dute
EAJk berdintasuna lortzeko neurriak proposatu ditu; EH Bilduk 1.080 euroko gutxieneko pentsioa nahi du; PSE-EEk Gernikako Estatutua berritzearen alde egin du; eta PP, industriari begira.
eitb.eus
Kanpainaren hamabigarren egunean, ekonomiari eta politika sozialei buruzko mezuak izan dira nagusi alderdi politikoen ekitaldietan, autogobernuarekin batera.
EAJ
Euskadik genero berdintasunaren Europako zerendako laugarren postua eskuratzeko lan egiteko konpromisoa hartu du gaur Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak.
Durangoko Andragunean egindako ekitaldian, Urkulluk haren alderdiak datozen lau urteetarako berdintasun alorrean dituen proposamenak aletu ditu.
Amatasun eta aitatasun baimenak "progresiboki parekoak eta besterendu ezinak" izatea, soldata arrakala ezabatzea eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei erantzun integrala ematea defendatu du Urkulluk.
Euskadik genero berdintasunaren zerrendan laugarren postua lortzea ezarri du "erronka nagusi" gisa Iñigo Urkulluk. Benetako berdintasuna lortzeko oraindik bide luzea dagoela egiteke atirotu ostean, Urkulluk azpimarratu du Euskadi bide onetik doala. Ildo horretan, adierazi du Euskadi genero berdintasunaren Europako zerrendako bosgarren postuan dagoela gaur egun Suediaren, Finlandiaren, Danimarkaren eta Herbehereen atzetik; beti ere, Berdintasunerako Europako Institutuaren metodologia kontuan hartuta.
Urkulluk azaldu duenez, EAJk bide horretatik aurrera egiten jarraitu nahi du eta, hurrengo legegintzaldian, gutxienez, postu bat hobetu. Haren esanetan, frogatuta dago berdintasun alorrean aurreratuta dauden herrialdeak direla ekonomikoki ere aurreratuen daudenak.
Arratsaldean, Eibarren egindako ekitaldi batean, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak esan du bere alderdiak "baztertu" egingo dituela "maximalismoak, entelekiak eta fantasia politikoak", "modu errealista eta fidagarri batean arazoei aurre egiteko".
Lehendakariak esan du EAJk "pausoz pauso aurrera" egiten duela, eta beste batzuek, EH Bilduri eta Podemosi erreferentzia eginez, "fantasia politikoak" defendatzen dituztela.
"Batzuk herri moduan aurrera egiteaz hitz egiten dute, eta gizarte honen eta pertsona hauen askotariko errealitateaz ahazten dira. Beste batzuk aniztasunean jartzen dute azpimarra, baina ez zaie Euskadiren autogobernuan aurrera egitea interesatzen, horien proiektuaren erdigunea ez baitago Euskadin", azaldu du hautagai jeltzaleak.
Podemosek eta EH Bilduk "guztia edo ezer eza" proposatzen omen dute.
EH Bildu
EH Bilduk pentsio duinak eskatu ditu pentsiodun eta jubilatuentzat.
Jasone Agirre EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua pentsiodunekin elkartu da gaur Bilboko Areatzan.
Pentsioen zenbatekoa Espainiako Gobernuak ezartzen duela onartu ostean, Jasone Agirrek esan du EH Bilduren proposamenarekin hobetu litezkeela.
Bestalde, ELAk eta LABek gaur egin duten protesta ere hizpide izan du eta bere babesa eskaini die bi sindikatuei.
Arnaldo Otegi EH Bilduren bozeramaileak esan du Podemosek Espainiako Estatuarekin autodeterminazio "erreferenduma adostea posible dela" esatean "gezurretan" ari dela.
Bergaran egindako ekitaldi batean, Otegik Podemoseko "lagunei" egin die erreferentzia: "Zuhurtzia intelektual politiko eta ekonomikotik nazio bat eraikitzeko, diagnosi zuzena egin behar da; printzipio eta balore sendoak eduki, eta diagnosiarekin asmatu. Zeren diagnosiarekin huts eginez gero, zaila da terapiarekin asmatzea".
Horren harira, gogorarazi du alderdi moreak "Estatuarekin erreferenduma adostea posible" ikusten duela. "Baina gure ustez, hori esaten duena gezurretan ari da, esperientzia historikoak kontrakoa erakusten duelako", azpimarratu du buruzagi abertzaleak, "Ibarretxe planarekin gertatu zena" eta "orain Kataluniako prozesuan gertatzen ari dena" gogora ekarri aurretik.
"Norekin adostu dezakegu posible dela esaten duzuen erreferendum hori?" galdetu dio Podemosi. "Ongi dago Kanadako Argitasun Legeari erreferentzia egitea, baina, zoritxarrez, Madril ez da Ottawa", azpimarratu du Otegik.
PSE-EE
Pedro Sanchezek Euskadirentzat autogobernu gehiago izateko lan egiteko konpromisoa hartu du, beti ere, estatu federal baten barruan. Adierazi duenez, ez da "ulergarria" autogobernu indartsurik gabeko Euskadi bat. Euskal sozialsitek autogobernuari buruz Gernikako arbolaren aurrean egin duten ekitaldian parte hartu du Pedro Sanchezek.
Bestalde, Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiaren esanetan, lege prozedurak erabilita Gernikako Estatutua "berritzeko" garaia da eta horretarako Espainian jarraitzeko euskal alderdien arteko akordio handia proposatu du.
Mendiak autogobernuari buruzko beren jarrera argitzeko eskatu die EAJri eta Elkarrekin Podemosi, harik eta herritarrek beren botoarekin zer egin jakin dezaten.
Arratsaldean Irunen egindako ekitaldi batean, Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak "etsipenera mugatuta" egotea leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, ez duelako "proposamenik, sekula ere ez".
Mendiak ekitaldi politiko batean parte hartu du Irunen, eta EAJren hautagaiaz esan du ez duela irtenbiderik herritarren arazoentzat; izan ere, "bere proposamen bakarra egoerak behartutakoa da".
"Euskadik ideia argidun lehendakaria eta Jaurlaritza behar du, jardunaldi osora, jendearen arazoekin konprometituta dagoen lehendakaria eta Jaurlaritza behar du, oinak lurrean dituena", adierazi du Mendiak.
PP
Mariano Rajoy (PP) jarduneko Espainiako Gobernuko presidenteak nabarmendu duenez, egonkortasun politikoa ezinbesteko baldintza da hazkundea, enplegua eta garapen soziala lortzeko.
Euskadiko hauteskunde kanpainara egindako bigarren bisitan, Rajoyk Tecnaliak Donostian duen egoitza bisitatu du Alfonso Alonso PPren lehendakarigai eta Borja Semper Gipuzkoako 'popularren' presidentearekin batera. Bestalde, Alfonso Alonsok Tecnalia jarri du 'popularrek' nahi duten Euskadiren adibide gisa: liderra eta aberastasuna sortzen duena. Halaber, Alonsok industriaren garapenarekiko konpromisoa azpimarratu du eta elkarlana aldarrikatu du zatiketaren aurrean.
Elkarrekin Podemos
Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak ohartarai duenez, "industriarik gabeko herrialde bat etorkizuneko herri bat da" eta ez duela "egungo ogia, biharko gosea" izaterik nahi. Hori dela eta, industriaren aldeko apustua egitea hitzeman du, harik eta Euskadik gizarte oparoa izaten jarrai dezan.