EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainako zortzigarren eguna

Eskubide sozialak 'blindatzea' defendatu du Elkarrekin Podemosek

EAJk osasun alorreko proposamenak aurkeztu ditu, EH Bilduk itunen inguruko jarrerak argitzea eskatu du, PSE-EEk pentsioak defendatu ditu eta PPk hezkuntza izan du hizpide.

Pili Zabalak Alonsoren giza kalitatea zalantzan jarri du

0:34

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde kanpainako zortzigarren egunean, Iñigo Urkullu lehendakari eta Eusko Legebiltzarrerako EAJren Arabako zerrendaburuak haren alderdiak datozen lau urteetarako dituzten helburuak aurkeztu ditu: Eibarko ospitalea zabaltzea, Euskadin lehen mailako arretako sei osasun zentro irekitzea eta Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako zerbitzuak gehitzea.

Mungian egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian, Urkulluk azpimarratu du osasuna izan dela Eusko Jaurlaritzaren "lehentasuna" azken legegintzaldian, gizarte babesarekin eta hezkuntzarekin batera.

Urkulluk azpimarratu duenez, Osakidetzak "kalitatezko zerbitzua" eskaintzen jarraitu du eta prestazio guztiak mantendu ditu. Halaber, Euskadin osasungintzan duen aurrekontua Europako batez bestekoaren parekoa dela nabarmendu du.

Bestalde, osasun arloko azpiegiturak berritzeko eta teknologia eraberritzeko 178 milioi euro inbertitu dituztela eta 10 osasun zentro, zortzi kontsultategi eta bi ospitale berri, Gernikan eta Urdulizen, ireki dituztela adierazi du. Gainera, azpimarratu du 2.200 lanpostuko bi Lan Deialdi Publiko bultzatu dituela Jaurlaritzak eta egiturazko langileria 700 postutan hazi dela.

"Konplitu dugu. Osakidetzaren kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromiso berriak hartu ditugu orain", adierazi du EAJren lehendakarigaiak. Ildo horretan, lehen mailako arretako sei osasun zentro irekitzea proposatu du: Donostian, Alde Zaharrean eta Aieten; Araban, Kanpezun, Murgian eta Amurrion; eta Bizkaian, Zallan. Horrez gain, Eibarko ospitale berria egitea, Urdulizko ospitalea osatzea eta Txagorritxu zein Santiagoko ospitaletako zerbitzuak gehitzea eta zaintza aringarria "unibertsalizatzea" dira jeltzaleek osasun arloan egin dituzten beste proposamenak.

irunen egindako ekitaldi batean, Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJren hautagaiak esan du "Euskal Herriak baduela leku propioa nazioartean, betetzen baldin badaki". "Hori lortzeko bideak ez dira formula zaharkituak, fantasiak, edo aldarrikapen sinpleak. Izan, egin eta erabaki nahi dugu herri bezala proiektu europarra, irekia eta mugarik gabea partekatzeko", adierazi du.

"Ekintzak" eta borondate politikoa behar dira, Urkulluren esanetan. "Ekintzekin jokatu behar da, ez hitzekin bakarrik. Nazioarteak naziotasuna aitortuko digu gauzak ongi egiteko gai bagara", berretsi du.

"Ekintzekin hitz egin behar da, Osasun, Hezkuntza, Babes Sozial, Ingurugiro eta Berdintasun alorreko politikengatik jaso behar dugu munduaren errekonozimendua. Euskal kudeaketa ereduagatik, krisitik ateratzeko moduagatik edo 'basque industry 4.0' industri politikagatik jaso behar dugu errekonozimendua", gaineratu du.

EH Bildu

Irailaren 25eko hauteskundeen ondoren egin nahi dituzten hitzarmenak argitzeko eskatu die Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburuak gainerako alderdi politikoei.

Agirre Bermeon izan da gaur eta bart ETB2n izandako hauteskunde eztabaida hizpide izan du. Haren esanetan, faltan bota zuen EH Bilduko ez gainerako hautagaiek "norekin eta zein norabidetan eraiki nahi duten herri hau".

"Guk azaldu dugu. Orain Urkulluri eta gainerako hautagaiei dagokie norekin eta nola eraikiko duten herri honen etorkizuna eta hauteskundeen ondoren norekin egingo dituzten itunak", adierazi du.

Bestalde, Agirrek ziurtatu du bestelako Eusko Jaurlaritza eredua behar dela, herritarrak izango dituena lehentasun eta ez onurarik ematen ez duten azpiegiturak. "Portu honetan lan egiten duten arrantzaleen eta saregileen eta kontserbategietako langileen ongizatea lehentasun izango duen gobernua behar dugu", gaineratu du.

Arnaldo Otegi EH Bilduren bozeramaileak subiranotasuna eskatu du "murrizketen aurrean planto egiteko", eta ohartarazi du "Espainiako Estatuari lotuta", euskal herritarrek "miseria ekonomikoa" besterik ez dutela izango, eta "gazteek, erbeste ekonomikoa".

Otegik hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du Laudion, eta bertan EAJri eskatu dio argitzeko zer egingo duen hauteskundeen ostean, EH Bildurengana eta Podemosengana gerturatu "murrizketak eteteko" eta erabakitzeko eskubidea sustatzeko, edo "berriro" PSE-EErekin eta PPrekin bat egingo duen EAEk Espainiaren "hipoteka politiko, sozial eta ekonomikoen mende" jarrai dezan.

EH Bilduren ordezkariak uste du euskal gizarteak "eskubidea" duela "EAJ zein gehiengoren ondoan jarriko den jakiteko hauteskundeen aurretik". Gainera, jeltzaleei leporatu die "beldurraren estrategia elikatzea" mezu honekin: "Gorriak datozela, Podemosekin batera, gu egoztera".

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak gezurretan aritzea leporatu dio EAJri, Euskadin gizarte segurantza sistema propio bat mantentzea posible dela esateagatik.

Getxon egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian, Mendiak azpimarratu du "EAJren aurrean pentsioak defendatu" behar direla, haren esanetan, jeltzaleek azaltzen ez duten "ezkutuko programa" bat dutelako.

"EAJk Euskadirako pentsio eredu propio eta pribatua defendatzen du. Etorkizuneko pentsioak osatzeko langileak soldataren zati bat gordetzera behartzen dituen pentsio sistema defendatzen du", deitoratu du. Horren aurrean, estatu itun handi bat eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren transferentzia proposatzen dituzte sozialistek.

Barakaldoko Anaien Parkean arratsaldean egindako ekitaldi politikoan izan da Mendia, Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak "zatiketa eragiten duten eztabaidekin erakundeak astintzeari" uko egitea eskatu du, eta "nazionalismo zaharrak dagoeneko nazionalismo berriaren eserlekuak" eskuratu dituela azpimarratu, Elkarrekin Podemosi erreferentzia eginez.

Adierazi duenez, irailaren 25ean "bi herri eredu argi daude, EH Bildurena, nazionalisten eskubideak blindatzeko, eta sozialistena, eskubide sozialak blindatzeko".

EAJri dagokionez, "historia guztia ezkutatzen" daramala esan du, baina "azkar ikasi" duena Podemos izan dela, zeren "berriak dira, baina ezkutatzen profesional berriak dira". "Erantzun fetitxea dute: 'herritarrek diotena'", adierazi du.

PP

Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak 'popularrek' Gasteizen egin duten ekitaldian parte hartu du, eta haren alderdiak hezkuntza alorrean dituen proposamenak aurkeztu ditu.

PPk hezkuntza alorreko hainbat kontu gehitu ditu bere hauteskunde programan. Alde batetik, ikastetxe kontzertatuak % 100ean diru publikoarekin finantzatzea aldarrikatzen duten 'popularrek', besteak beste, familiek seme-alaben ikastetxea askatasunez aukeratu dezaten. Bestetik, trilinguismorako sarbidea ikasle bakoitzaren baliabide ekonomikoen baitan ez egotea aldarrikatu du Alderdi Popularrak.

Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak uste du EAE Espainiako Gobernuaren politiken "atzetik" doala, eta "nazionalismoaren lozorrotik esnatzeko" deia egin du. "Askatasun alternatiba baterako eskubidea dugu Euskadin, eta hori da gazteen alternatiba, PPren alternatiba", azpimarratu du.

Alonsok gogorarazi du PPk PSE-EEren alde bozkatu zuela EAEn agin zezan, eta hura "ardurazko ekintza" bat izan zela, "gizartea zatituta" zegoen une batean, "elkarbizitzan hobetze aldera". Hala, lehendakarigaiak esan du sozialistek "ardura bera" izan beharko luketela orain, "trukean ezer eskatu gabe".

Elkarrekin Podemos

Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak azpimarratu duenez, haren alderdiak autogobernua handitzeko apustua egiten du. Hala ere, autogobernuaren berrikuspenak eskubide sozialak "blindatzeko" balio behar duela gaineratu du.

Bestalde, atzoko ETB2ko hauteskunde eztabaidan Alfonso Alonsoren eta beraren artean izandako tentsio uneaz hitz egin du. Pili Zabala pozik agertu da Alfonso Alonsok "atzera" egin duelako eta "GALen terrorismoaren biktima" dela aitortzeaz gain, bere minarekiko babesa adierazi diolako. "Hala ere, beste pauso bat eman eta erakundeetara iristea falta zaigu, biktima batzuen giza eskubideak urratzen dituzten legeak aldatzeko.

Pili Zabala Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak autogobernu handiagoa eskatu du "euskadi ez dela atzean geratuko bermatzeko". "Gernikako Itunak elkarbizitza eta aurrera egitea ahalbidetu du, baina 37 urte igaro dira, eboluzionatu egin dugu, eta irtenbide berriak behar ditugu arazo berrientzat", gaineratu du.

Gasteizen egindako ekitaldi politiko batean, Zabalak gogorarazi du autogobernuan sakondu nahi dutela soilik "etxebizitzarako, hezkuntza publikorako eta osasun barneratzaileagorako eskubidea blindatzea ekartzen badu".

Ciudadanos

Nicolas de Miguel Ciudadanosen lehendakarigaiak "nazioarteko eragina duten ekitaldi kulturalak indartzea" eskatu du Donostian, Zinemaldiaren harira.

De Miguelek, Felix Alvarez diputatuarekin batera egindako ekitaldian, azpimarratu du "kultura hizkuntza unibertsala" dela, "oinarrizko aberastasuna, erakundeetatik babestu beharrekoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Albisteak Urkullu Hauteskundeak Euskadin 2024 Idoia Mendia Alderdi politikoak berriak EH Bildu Araba PSE-EE Euskadiko PP Albisteak Alfonso Alonso Euskadiko Podemos-eko albisteak Podemos Euskadiren idazkari nagusi ohia Pili Zabala