EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainako bosgarren eguna

Hauteskunde eztabaidak markatu du kanpainaren bosgarren eguna

Kanpainan, EAJk Gasteizekiko konpromisoa berretsi du, EH Bilduk Hezkuntza arloko proposamenak aurkeztu ditu, PSE-EEk enplegu politikak izan ditu hizpide eta PP ekonomia suspertzeko ekimenez aritu da.

Zabala, Mendia, Iriarte, Urkullu, Usabiaga eta Garrido, gaurko eztabaidaren aurretik. Argazkia: EiTB
Zabala, Mendia, Iriarte, Urkullu, Usabiaga eta Garrido, gaurko eztabaidaren aurretik.
Erabakitzeko eskubidea eta euskara, eztabaidagai nagusiak debatean

2:04

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoetarako kanpainaren baitan, ETB1en hautagaien eztabaida izan da gaur. Bertan izan dira Iñigo Urkullu (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE), Laura Garrido (PP) eta Pili Zabala (Elkarrekin Podemos).

Euskarak, erabakitzeko eskubideak eta bakegintzak sorrarazi ditu unerik bizienak, eta horren lekuko da saioak lortutako audientzia. 100.000 ikus-entzule erakarri ditu, Kantar Media neurketa sistemak emandako datuen arabera. Twitterren ere, gai nagusien artean egon da #i25Debatea.

PSE-EEk euskararen inguruan ateratako bideoaren inguruan galdetu die Xabier Usabiaga aurkezleak alderdietako ordezkariei. Gogorren Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburua aritu zaio Idoia Mendia sozialisten lehendakagariari. "Minduta" agertu da, eta "bi botoren truke herri honetan zatiketa eta gorrotoa sustatzea" egotzi dio. Euskara sustatzeko politiketan sozialistak "hor" egon direla, baita Jaurlaritzako kide zirenean ere, erantzun dio Mendiak. Arazoa, horren iritzian, Administrazioan dago, eta adibidea jarri du: "Forentseei PL3 bat eskatzea beharrezkoa al da?".

Hizkuntza eskakizunak PSE-EErekin adostu zituztela gogorarazi du Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak. Hori gorabehera, euskara bizikidetza-modu gisa hartu behar dela aldarrikatu du.

Laura Garrido PPko kideak, bestalde, hizkuntza politika berraztertu beharra dagoela nabarmendu du.

Ekitaldiak

Kanpainaren 5. eguneko ekitaldietan, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta berriz hautatua izateko EAJren hautagaia denak Abiadura Handiko Trena Euskadiko hiru hiriburuetara heltzeko lanak "behingoz" amaitzeko eta trenaren sarrera lurperatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

EAJk Ajuria Enea jauregiaren parean egin du gaur goizean hauteskunde kanpainako ekitaldia, eta Iñigo Urkullurekin batera, horren kabineteko kideak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izan dira bertan. Lehendakariak esan duenez, EAJk ekintzekin erakusten jarraituko du Gasteizekin duen konpromisoa, besteak beste, Euskadiko hiriburu gisa hazten jarraitzea ahalbideratuko duten proiektu guztiak bultzatuz.

EAJ buru duen Jaurlaritzak Gasteizen egindako hainbat proiektu jarri ditu jeltzaleek Gasteizekiko duten konpromisoaren erakusgarri: autobus geltoki berria, Europa Jauregia eraberritzea, Salburuko eta Zabalganako zentro zibikoak eta tranbia (Unibertsitatera eta Salburura zabaldu nahi dute horren ibilbidea).

Hurrengo legegintzaldirako ere, EAJk Gasteizerako hainbat proiektu dituela azaldu du Urkulluk: autobus elektrikoa martxan jartzea, Zadorra ibaia egokitzea, Koroatzea auzoaren birsorkuntza integrala bideratzea, Arabako ekonomia Jundizko eta Arasurreko plataforma logistikoen bidez sustatzea eta Zabalgana eta Salburua auzoetan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola berriak irekitzea, besteak beste.

Bestalde, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Euskadiko lanetan "espiritu eraikitzaile eta leialtasunik eza" leporatu dio Josu Erkoreka Eusko Legebiltzarrerako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak Espainiako Gobernuari.

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak "nazionalistak datozen beldurra" zabaltzea leporatu dio PPri.

Gasteizen egindako ekitaldi batean azpimarratu du jeltzaleek "proiektuez eta konpromisoez" hitz egiten dutela kanpainan, eta besteak EAJz "gaizki-esaka" aritzen direla.

"Guztiek utzi nahi gaituzte gaizki", baina "PPk gehien", horren adierazpen guztietan baitago "EAJren kontrako eraso bat", Ortuzarren esanetan.

EH Bilduk Hezkuntzako aurrekontua % 5 handitzeko konpromisoa hartu du

Miren Larrion Eusko Legebiltzarrerako EH Bilduren Arabako zerrendaburuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntzarako aurrekontua % 5 igotzeko konpromisoa hartu du, Euskadiko hezkuntza sistema "kalitatezkoa" izan dadin eta "Europako batez bestekoaren mailan" egon dadin.

EH Bilduk Gasteizko Zabalgana auzoan egin du goizeko ekitaldia, hain zuzen ere, aurrefabrikatutako moduluak dituen eskola baten atarian, eta hezkuntza izan du hizpide. Miren Larrion Arabako zerrendaburuaz gain, Belen Arrondo hautagaia ere izan da bertan.

EH Bilduren Arabako zerrendaburuak Euskadin murrizketei amaiera ematea eskatu du; izan ere, horren esanetan, azken urteetan "murrizketa handienak" Hezkuntzan egin dira. Murrizketa horien erakusle dira, Larrionen hitzetan, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzan 2009an baino 221 milioi gutxiago inbertitzea.

Murrizketen aurrean, hezkuntza "erabateko lehentasun" gisa hartu, Hezkuntzan % 5 gehiago inbertitu eta 4 lege eta 92 neurriren bitartez hezkuntza birformulatuko duela agindu du EH Bilduk, hezkuntza sistema subirano, propio, euskaldun, publiko, laiko eta parte-hartzailea helburu. Gainera, LOMCE ez aplikatzearen eta ziklo amaierako azterketak (errebalidak) geldiaraztearen alde egin du EH Bilduk.

Arratsaldean egindako beste ekitaldi batean, Agurainen, EH Bilduren Arabako zerrendaburuak lehendakariari esan dio "borondate politikoarekin egin daitezkeen gauzak" daudela, eta EAEk "aurrera egin dezan Iñigo Urkullu egiteko gai izan ez dena" koalizioak egingo duela.

Egin daitezkeen gauzen artean, EH Bilduren hautagaiak proposatu du Barne Produktu Gordinaren % 3ra igotzea berrikuntza eta garapenerako inbertsioa, Europako herrialde aurreratuenen pare jartzeko.

"Neurri horrekin, hau da, borondate politikoarekin, kalitatezko enplegua sortuko dugu, historiako pertsona trebatuenen belaunaldiak duen ezagutza herri honetan aprobetxatzeko, eta gure enpresak Europako eta munduko enpresa lehiakorrenen artean egoteko", azpimarratu du.

PSE-EEk enplegu alorreko proposamenak aurkeztu dizkie sindikatuetako ordezkariei

Langabezia tasa handiena duten eskualdeetan hurrengo legegintzaldian 1.000 milioi euro bideratzeko (250 milioi, urtean) konpromisoa hartu du Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak, horren esanetan, erakundeek "alde batera utzi" dituztela argudiatuta.

Sindikalistekin Bilbon egindako ekitaldian, urteko 250 milioi euro horiei Europak Ezkerraldeari eta Enkarterriri (Bizkaia), Oarsoaldeari eta Zumarragari (Gipuzkoa) eta Aiaraldeari (Araba) emandako diru-laguntzak batu behar zaizkiela azpimarratu du Idoia Mendiak. Gainera, eskualde horietako langabeen formakuntza inguruko industriaren beharretara doitzeko premia nabarmendu du.

Bestalde, Denis Itxaso sozialistak PSE-EEk euskararen inguruan argitaratutako bideoak eragindako harrabotsa izan du hizpide. "Ez dut uste esan ahal denik PSE-EE euskararen erronka nagusien aurrean ezkutatu denik, aurrerapauso guztietan egon gara", gaineratu du.

Patxi Lopez PSOEren Ekintza Politiko, Herritargo eta Askatasunen idazkariak esan du "sekula ez" dutela itunik egingo "modu arduragabean, enfrentamendua sortuz, independentziarantz aurrera egin nahi dutenekin".

Lopezek Gasteizen egin ditu adierazpenok, Natalia Rojo PSE-EEren Arabako zerrendaburuarekin batera egindako ekitaldian.

Lehendakari izan zenak gogorarazi du sozialistek beti egin dituztela herri itunak, etorkizun partekaturako akordio zabalak, eta orain gauza bera defendatzen dutela, eskubideetan aurrera egiteko akordio bila, baina "ez mugak altxatzeko".

PPk 2020rako Euskadin milioi bat pertsonak lana izatea nahi du

Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak ekonomia eta enplegua izan ditu hizpide gaur Donostian, eta 2020rako helburu bat finkatu du: Euskadin milioi bat lagun baino gehiago izatea lanean. Gainera, langile autonomoen aldeko politika egitearen alde egin du: "Autonomo bakoitzari 3.000 euroko diru-laguntza ematea proposatzen dugu gure programan".

Bestalde, foru diputazioekin batera zerga ituna bultzatzea eskatu du, askatasun ekonomiko handiagoa bilatzeko asmoz. "Inbertsioak erakarri behar dira, eta hori irekitzen egiten da, ez harresiak eraikiz", azpimarratu du.

Elkarrekin Podemosek sozialistek euskararen inguruan egindako proposamenak kritikatu ditu

Elkarrekin Podemosek PSE-EEk euskararen inguruan argitaratutako bideoa kritikatu du. "Euskara helburu partidistekin erabiltzea iraganeko kontua zela uste genuen, baina argi geratu da ezetz", adierazi du gaur Nagua Alba Euskadiko Ahal Duguko idazkari nagusiak.

Nagua Albak Andoaingo merkatura egin duen bisitan, Elkarrekin Podemos koalizioaren aldeko botoa eskatu du irailaren 25eko hauteskundeetan. Albaren esanetan, euskara eta "hizkuntza eskubideak euskaldun guztien ondarea" dira, eta, aldi berean, euskararen erabilera sozialari bultzada handiagoa ematea eskatu du.

Recortes 0-Grupo Verdek aberastasunaren banaketa eta soldata orekatuagoak proposatzen ditu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Urkullu azken albisteak EAEko hauteskundeak Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE berriak Euskadiko PP berriak Eguneko albisteak Alfonso Alonso berriak Podemos Ahal Dugu Euskadi Nagua Alba Podemos Pili Zabala albisteak