EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
I-25
Hainbat bideok ika-mika piztu dute euskal hauteskundeetarako kanpainan
PSE-EEk euskarari buruzko bideoa kaleratu du, Madrilgo gazte sozialistek "ergel" deitu diote Urkulluri, eta Pili Zabalak Zarauzko etxea erosteko dirua nondik atera zuen azaltzeko beharra sentitu du.
eitb.eus
Irailaren 25eko hauteskundeetarako kanpaina hasi eta lau egunera, bi bideok polemika eta kritika handiak eragin dituzte sare sozialetan.
Batetik, atzo, astelehena, PSE-EEk bideo bat plazaratu zuen, zenbait pertsonak euskara ez jakiteagatik Administrazioan pairatzen duten "diskriminazioa" salatzeko.
Euskal sozialistek egindako bideoak "arazo larri hori eta konplexurik gabe aurre egiteko beharra nabarmentzen du, betiere euskararekiko konpromiso irmoa izanda; gure hizkuntza hitz egin, partekatu eta askatasunean bizi nahi duguna", esan zuen atzo Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaiak.
Sozialistek kaleratutako beste bideo batek ere polemika piztu du. Madrilgo Gazte Sozialistek "ergel" deitu diote Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJren lehendakarigaiari, sare sozialetan zabaldu duten bideo batean. Argitaratu eta gutxira, baina, kendu egin dute euren kontutik.
Grabazioaren hasieran, gazte taldeak azaldu zuen Amaral taldearen 'Son mis amigos' abestiaren bertsioa egin dutela Euskal Gazte Sozialisten eta Idoia Mendiaren hautagaitzaren alde.
Bestetik, Pili Zabala Elkarrekin Podemos koalizioaren lehendakarigaiak Zarauzko (Gipuzkoa) etxea erosteko dirua nola lortu zuen azaldu du.
ETBk lehendakarigaien inguruan egindako saio batean erakutsi zuen Zabalak bere etxea, eta, horren inguruan sortutako "polemikaren aurrean", azalpenak emateko beharrean ikusi zuen bere burua.
Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaren esanetan, auto-istripua izan zuen orain urte batzuk, eta, horren ondorioz, eskuin eskuko bi hatz ebaki behar izan zizkioten. Pertsona eskuina eta odontologoa izanik, lanbidea uztera behartu zuen istripuak, gaztea zenean, eta, hori dela eta, kalte-ordain handia jaso zuen.