EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Seigarren legealdia
Gaur ekingo diote alderdiek hauteskunde-kanpainari, I25era begira
Gaurtik hasita, eta hurrengo 15 egunotan, alderdiek botoa eskatu eta proposamenak helaraziko dizkiete herritarrei.
eitb.eus
Dena prest dago irailaren 25eko euskal hauteskundeen kanpaina abiatzeko. 17 egun barru, bozen bidez, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza berriak osatuko dira, seigarrenez frankismoa bukatu zenetik.
Uztailaren 27an iragarri zuen Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak bozketaren eguna, hauteskundeak aurreratzeko aukeraren inguruan ikusmin handia zegoenean, Espainiako Gobernuak baldintzatutako giro politikoagatik.
1.778.776 pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea irailaren 25eko bozketan. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hauteskunde-errolda hazi egin da; izan ere, duela lau urte 1.775.750 hautesle izan ziren.
Atzerrian bizi arren botoa emateko eskubidea izango duten euskal herritarren kopurua ere nabarmen hazi da, 56.140tik 68.878ra igo baita.
Iñigo Urkullu lehendakariak deitutako hauteskundeak hamaikagarrenak izango dira demokrazia berrezarri zutenetik, eta bost lehendakari izan dira jada. Carlos Garaikoetxea (1980-1984), Jose Antonio Ardanza (1985-1998), Juan Jose Ibarretxe (1998-2009), Patxi Lopez (2009-2012) eta Iñigo Urkullu (2012ko abendutik gaur egunera arte) izan dira Ajuria Enea jauregiko maizterrak.
Epe demokratikoa hasi baino lehen, Jose Antonio Aguirre izan zen lehen lehendakaria (1935eko urrian egin zuen karguaren zina), eta Gerra Zibila hasi zen hilabete batzuk geroago. Erbestean, Jesus Maria Leizaolak ordezkatu zuen 1960an. Leizaola 1978ra arte egon zen Lehendakaritzan.
Arnaldo Otegi EH Bilduren lehendakarigaiaren hautagaitza izan da kanpainaurreko ardatz nagusietako bat. Azken albistea asteartean etorri zen, Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiaren babes helegitea atzera bota baitzuen. Ondorioz, irailaren 25eko hauteskundeetan ez du lehendakarigai izateko aukerarik izango.
Atzo, EiTBk 'EiTB Focus' inkestaren azken edizioa plazaratu zuen. Horren arabera, EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, EH Bildu koalizioa izango litzateke bigarren indarra, eta Elkarrekin Podemos, hirugarrena. PSE-EEk eta PPk atzera egingo lukete, zortzina legebiltzarkide lortuta, eta C?s Gasteizko Ganberan sartuko litzateke estreinakoz, ordezkari batekin. 'EiTB Focus'ek I25erako boto-asmoari buruz egindako galdeketak utzitako emaitzak dira.