EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

I25

Donostiako Epaitegiak atzera bota du Arnaldo Otegiren helegitea

Horrenbestez, Arnaldo Otegiren abokatuek Auzitegi Konstituzionalaren joko dute orain. Konstituzionalak behin betiko erabakia irailaren 9rako hartu beharko du.

Adolfo Araiz, Iñigo Iruin eta Arnaldo Otegiren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Adolfo Araiz, Iñigo Iruin eta Arnaldo Otegiren artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Adolfo Araiz, Iñigo Iruin eta Arnaldo Otegiren artxiboko irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazioarekiko Auzien Donostiako 2. Epaitegiak atzera bota du Arnaldo Otegik bere gaitasun-gabetzearen kontra aurkeztutako helegitea eta, hortaz, berretsi egin du ez duela eskubiderik EH Bilduren lehendakarigai izateko.

Auzitegiak larunbat arteko epea zuen erabakia hartzeko, baina arratsaldeko lehen orduan eman dio bere ebazpenaren berri Otegiren defentsari.

Horrenbestez, Arnaldo Otegiren abokatuek Auzitegi Konstituzionalaren joko dute orain. Konstituzionalak behin betiko erabakia irailaren 9rako hartu beharko du, egun horretan hasiko baita hauteskunde-kanpaina.

Ebazpenean, Auzitegi Nazionalaren Zigor-arloko laugarren salak 2013ko urtarrilaren 24an argitaratutako probidentzia aipatzen du epaileak. Horren arabera, Auzitegi Nazionalak ezarri zuen “sufragio pasiborako gaitasun-gabetze berezia sei urte eta sei hilabeterako” izango zela eta zigorra kontatzen hasteko epea 2014ko irailaren 4an hasiko zela. Beraz, epaileak dio hautagai izateko debekua 2021eko otsailaren 28a artekoa dela.

Probidentzia horren berri Otegiren defentsak bazuela baina, hala ere, errekurtsorik jarri ez zutela eta, ondorioz, ebazpen judizial hori “onartutakoa eta irmoa” dela erantsi du Donostiako Auzitegiko epaileak.

2014ko irailaren 4a arte Arnaldo Otegiren kontrako gaitasun-gabetzea “erabatekoa” zelako erabaki zuen Auzitegi Nazionalak hautagai eta kargu publiko izateko zigorra egun horretatik aurrera abiaraztea. Hala dio Donostiako epaileak gaur argitaratutako ebazpenean.

“Horrenbestez, argi dago auzia epaitzeko eta zigorra exekutatzeko eskumena duen organo judizialak sufragio pasiborako gaitasun-gabetzea noiz hasten den eta noiz bukatzen den ezarri zuela, sententzia irmo baten exekuzio prozedura baten baitan”, dio epaiak.

Arnaldo Otegik “une oro izan zuen erabaki ezberdinen berri, tartean hautagai izateko zigorrari buruzkoa, baina ebazpen horien kontrako helegiterik ez zuen inoiz jarri”, azpimarratu du.

Gauzak horrela, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 2. Epaitegiak dio Otegiren sufragio pasiborako eskubideari lotutako prozesu judiziala itxita dagoela, epaia irmoa delako eta aukera izan zuenean haren kontrako errekurtsorik aurkeztu ez zuelako.

Eta argudioak bazituen, prozedura honetan agertu diren alegazioak aintzat hartuta”, nabarmentzen du epaileak parentesi artean idatzitako esaldi batean.

EH Bilduk jakinarazi du babes-helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Konstituzionalean, Arnaldo Otegi datozen hauteskundeetan koalizio soberanistaren lehendakarigaia izan dadin.

Defentsak astelehenera arteko epea dauka errekurtsoa aurkezteko eta Konstituzionalak hauteskunde-kanpaina hasten denerako, irailaren 9rako, azken erabakia hartu beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Politika Azken albisteak Sortu EAEko hauteskundeak EH Bildu Araba Eguneko albisteak