EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
EAE-ko hauteskundeak
Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurkako helegitea jarri du Otegik
Donostiako Auzitegiak, orain, larunbatera arteko epea du Otegi hautagaia izan ahal den ala ez erabakitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Arnaldo Otegi EH Bilduko agintariak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen, ostegunean, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurka; izan ere, Batzordeak erabaki zuen bere izena ez zela agertuko EH Bilduren hautagaitzan, ezgaituta dagoelako.
EH Bilduren iturriek EFEri baieztatu ziotenez, helegitea Donostian aurkeztu zuten, eta Otegiren beraren izenean dago jarrita, ez hautagaitzaren izenean.
Hemendik aurrera, auzitegiak larunbatera arte du epea ebazteko Otegi EAEko hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaietako bat izan daitekeen ala ez.
Azken aurreko urrats judiziala da hau; izan ere, litekeena da Auzitegi Konstituzionalak hartzea azken erabakia, datorren astean, hauteskunde-kanpaina hasi aurretik.
"Legezkotasun printzipioaren urratzea"
EH Bilduk azaldu zuenez, zigorrak exekutatzerakoan legezkotasun printzipioa ( Espainiako Konstituzioaren 9.3 eta 25.1 artikuluak) eta sufragio pasiboaren bidez politikan parte hartzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioaren 23.2 artikulua) urratu direla argudiatu zuten helegitean.
Arnaldo Otegiren defentsaren arabera, sufragio pasiborako eskubidea gauzatzeko Auzitegi Nazionalak jarritako debekua zigor osagarri bat da eta ez zigor nagusia. Zigor osagarriak kartzela-zigorrarekin batera amaitzen dira. Hortaz, hautagai izateko debekua 2016ko martxoaren 1ean, Otegi espetxetik atera zenean, amaitu zela dio defentsak.
Iñigo Iruin abokatuak duela egun batzuk egindako agerraldian azaldu zuen hautagai izateko inhabilitazioa noiz bukatzen den: “Kartzela-zigorrari lotutako zigor osagarri bat da eta, beraz, bi zigorrek iraupen bera dute; sufragio pasiborako debekua Otegi espetxetik atera zenean amaitu zen”.
Arnaldo Otegik sei urte eta erdi egin zituen espetxean, Bateragune auziaren baitan zigortuta. Era berean, kargu publikoa eta hautagaia izateko debekua ezarri zioten.