EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Otegi: 'Lehendakaria banintz, ez aurkezteko prest egongo nintzateke'
EH Bilduren lehendakarigaiak adierazi duenez, Iñigo Urkullu balitz, eta "norbaitek ezingo balu hauteskundeetara aurkeztu, ez aurkezteko prest egongo nintzateke".
agentziak | erredakzioa
Arnaldo Otegi Sorturen idazkari nagusi eta EH Bilduren lehendakarigaiaren esanetan, bera Iñigo Urkullu lehendakaria balitz, eta "norbaitek ezingo balu hauteskundeetara aurkeztu, ez aurkezteko prest egongo nintzateke".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Otegi kritiko azaldu da lehendakariaren jarrerarekin, eta, PSE-EEk egin bezala, hauteskunde-kanpaina bere balizko gaitasungabetzeari esker egitea kritikatu du.
Halaber, Otegiri leporatutako biktimismoari buruz ere mintzatu da: "Ez zait egokia iruditzen lehendakaria izanda, ez du egoerak eskatzen duen maila eman. Herrialdeko magistratura gorenak zerbait esateko izango du egoera horren inguruan".
Gainera, Otegik berretsi egin du "azkeneraino" helduko dela "hautagaitzarekin, hala erabaki baitu jendeak. Estatuak tranpak egiten baditu, gaitasungabetu nazakete. Hala gertatuz gero, proiektuak jarraituko du eta ni bertan egongo naiz, ez naute baztertuko".
Otegiren arabera, gaitasungabetzearen helburua "aurrera egitea galaraztea da, herrialde mailako akordio handiak proposatzen ditugulako, jakin badakitelako Eusko Legebiltzarrean itun handiak posible izango direla". "Legebiltzarreko gehiengo zabalak, hauteskundeen ostean, erabakitzeko eskubidearen alde egingo du, eta, gainera, gehiengo aurrerakoia izango da, eta krisiak eskubide sozialei dagokienez hautsi duena berreskuratuko du. Jendea eztabaida politikoaren erdigunean jartzen badugu, itun handien legealdia izango dela uste dut", gaineratu du.
Hala, lehendakaria balitz, hasteko, eragile sozial eta politikoak deituko lituzke, "murrizketa sozialik izango ez lukeen lurraldea izateko gogoeta egin dezaten" eta, ondoren, "burujabetza lortzeko itun handia" bultzatuko luke. Lehen keinua, berriz, "gatazkaren biktima guztiak omentzea" izango litzateke.
Halaber, Ajuria Enean ez litzatekeela biziko azaldu du: "Ez nuke gogorik izango. Ez ditut kritikatuko han bizi izan direnak, baina Elgoibarren jarraituko nuke, nire betiko etxean. Halaber, ez nuke arazorik izango nire autoa erabiltzeko, urte asko ditu baina oraindik badabil".
ETAren desegitearen inguruan galdetuta, Otegik honakoa erantzun du: "indarkeriaren amaiera exijitu ziguten, eta hori lortzeko ekarpenak egin ditugu. Hala eta guztiz ere, ez didate uzten hauteskundeetara aurkezten. Zer gertatu da indarkeriarik gabe proiektu politiko guztiek lekua izango zutela esaten zutenekin?".
Horren ildotik, "urrats gehiago behar dira, zalantzarik gabe", Otegiren iritzian. "Estatua kontrolpean duen elitea, baina, bere esku dagoen guztia egiten ari da ETAk armagabetzea ez egiteko, aurreko egoerarekin askoz ere erosoago zeudelako", salatu du.