EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Eh Bildu
Otegik asteazkenean jakingo du Hauteskunde Batzordearen ebazpena
Batzordeak 09:30etarako deitu du Otegiren abokatuak, hartutako erabakiaren berri emateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea hasi da Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiaren hautagaitza aztertzen, irailaren 25eko hauteskundeetara aurkeztu ahalko den ebazteko. Hasi eta ordu batzuk geroago erabakia hartu du, eta asteazkeneko 09:30etan bilduko da Otegiren abokatuekin erabakiaren berri emateko.
Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian ezarritako gaitasungabetzeei buruzko agiriak helarazi dizkio jada hauteskunde organoari, baina horrek ez du auziaren mamia aztertuko; gaitasungabetzeak indarrean dauden baino ez du egiaztatuko.
Fiskaltzak ere, bere txostena igorri du jada, Otegiren hautagaitza galarazteko.
Maiatzean, Hauteskunde Batzorde Zentralak Bateragune auziko epaia bidali zien EAEko hauteskunde organoei.
Zein da gatazka
Bateragune auziko kondenan, Otegiri bi gaitasungabetze ezarri zizkioten: enplegu edo kargu publikorako gaitasungabetzea, bata, eta boto pasiborako gaitasungabetzea, bestea.
Sortuk eta ezker abertzaleko abokatuek azaldu dutenez, Otegiri ezarritako gaitasungabetzean akats tekniko bat dago; izan ere, epaian ez zuten zehaztu zer kargu publiko dituen debekatuta.
Horren ildotik, Iker Casanova preso ohiarekin gertatutakoa jarri dute adibide gisa. Kargu publikoan aritzea debekatu zioten kondena batean, baina zer kargu zehaztu ez ziotenez, legebiltzarkide bihurtu ahal izan zen.
Nolanahi ere, Fiskaltzako eta epaitegietako zenbait sektorek ohartarazi dute Otegiren eta Casanovaren kasuak ez direla berdinak, Casanovarekin gertatu ez bezala, Otegiri botoak jasotzeko eskubidea (sufragio pasiboa) gauzatzeko aukera ere kendu diotelako.
Interpretazio teknikoak eta borondate politikoak izango dira auziko gakoak.
Hautagaitzen aldarrikapena, abuztuaren 29an
Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak abuztuaren 29ra arteko epea du Otegiren auzia aztertzeko, egun horretan aldarrikatuko baititu hautagaitza guztiak.
Organo horrek Otegiri argi berdea emango balio, Fiskaltzak eta inpugnazioa aurkeztuko luketela iragarri duten alderdiek (PP, Ciudadanos eta UPyD) helegitea jarriko lukete. Aitzitik, hauteskunde organoak betoa jarriko balio, Iñigo Iruin abokatuak aurkeztuko luke.
Helegitea Donostiako Administrazio Auzietarako Epaitegiak aztertuko du, eta irailaren 2ra arteko epea izango du ebazpena publikatzeko.
Erabakia edozein dela ere, aldeek Auzitegi Konstituzionalera jo ahalko dute, eta behin betiko erabakia irailaren 7ko gauerdia baino lehen ezagutu beharko da; hau da, hauteskunde kanpaina hasi baino bi egun lehenago.