EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
hauteskunde autonomikoak
Podemosek eta Ezker Anitzak argi berdea dute jada koalizioa egiteko
Podemoseko militanteek eta Ezker Anitzako Kontseilu Politikoak berretsi egin dute koalizioa egiteko akordioa.
Agentziak | Erredakzioa
Podemos Euskadik eta Ezker Anitza-IUk argi berdea dute jada irailaren 25eko hauteskundeetara Equorekin batera koalizioan aurkezteko.
Gaur, Podemosek iragarri du militanteek berretsi egin dutela aliantza, barne hauteskundeetan, eta Ezker Anitzako Kontseilu Politikoak ere onartu egin du akordioa.
Hiru alderdiek ostiral eguerdian erroldatuko dute koalizioa, Eusko Legebiltzarrean.
Alderdi moreak hiru galdera egin zizkien militanteei. Lehenengoan, Equorekin adostutako koalizioa babestu edo ez eskatzen zuten. Hauek emaitzak: 2.271 boto alde (% 86,98); 340, aurka (% 13,03); eta 32, zuri (% 1,21).
Bigarrena Ezker Anitzarekin koalizioa egiteari buruzkoa zen. Emaitzak: 2.114 boto alde (% 81,09); 492, aurka (% 18,91); eta 36, zuri (% 1,36).
Azken galdera, zerrendetan independenteak sartzeko erabakia berrestea edo errefusatzea eskatzen zuten, eta % 82,01ek alde bozkatu dute (2.133 pertsona); 468k, aurka (% 17,99); eta, 42k, boto zuria eman dute (42).
Ohar batean, Podemosek adierazi du herritarrek “Euskadi hurrengo urteetan nolakoa izango den” erabakiko dutela irailaren 25ean, eta akordioa “funtsezko aurrerapauso”tzat jo du, “beharrezkoa den eskubide, aukera eta etorkizun markoa eraikitzeko”. “Koalizio honek ahalbidetu egingo digu Euskadi sozialagoa eta igualitarioagoa izan dadin, inor atzean utzi gabe”, gaineratu du.
Bestalde, Ezker Anitzak ohar baten bidez nabarmendu dutenez, "bat-egite akordio bat da, alderdien arteko koalizio baten eran, sozialagoa eta berdintasunezkoagoa izango den eta inor atzean utziko ez duen Euskadi baten alde".
Isabel Saludek zuzentzen duen alderdiak adierazi duenaren arabera, “koalizioko alderdi guztiek uste dute datorren irailaren 25ean euskal herritarrek hautatuko dutela zein oinarrirekin nahi duten eraiki euren etorkizuna”. Euren aburuz, akordio hori funtsezko aurrerapausoa da hain beharrezkoa dugun eskubide-, aukera- eta etorkizun-marko hori erdiesteko”.