EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Zin egitea Gernikan
Urkullu lehendakari karguaz jabetu da
Lehendakari karguaren zina egin du Estatutuaren eta Bizkaiko Foru Zaharraren ale banaren gainean, Gernikako Juntetxean. Aginte makila jaso du Patxi Lopezen eskutik.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari da ofizialki. Gaur karguaren zina egin du Jaurlaritzaren buruzagitzaz jabetzeko Gernikako Juntetxean, ekitaldi instituzional batean.
Urkulluk eguerdian egin du zina ohiko eran, baina aldaketa txikiekin. Jose Antonio Agirrek lehenengo aldiz 1936an erabili zuen formula, eta gero Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak eta Juan Jose Ibarretxek errepikatu zuten, xehetasun batzuekin, eta gaur, laikotasuna emateko, bibliarik eta gurutzerik ez du erabili.
Urkulluk hitzaldirik ez ematea erabaki du, nahiz eta protokoloak horretarako aukera eman. Igorri duen mezu politiko bakarra Juntetxeko ohorezko liburuan idatzi du: "Umiltasunez eta ausardiaz lan egingo dut Euskadi garatzeko, bakean eta askatasunean, Europaren barruan eta mundu zabalean".
Protokoloa
Ekitaldia eguerdian hasi da, baina legebiltzarkideak eta gonbidatuak ordubete lehenago hasi dira iristen. Legebiltzarreko mahaiko kideak, Bakartxo Tejeria buru zutela, izan dira Juntetxera iristen lehenak eta atarian itxaron dute Urkulluren etorrera.
Patxi Lopez emaztearekin batera iritsi da eta, Urkulluk ez bezala, txistuak entzun behar izan ditu Juntetxe aldamenean zeuden protestarien eskutik. Hala ere, Gernikako Gaztetxean "Internazionala" jarri dute eta Urkullu iritsi denean argi entzuten zen.
Ekitaldia
Tejeriak ireki du Juntetxeko ekitaldia eta Iñigo Iturrate eta Antonio Damborenea Legebiltzarreko Mahaiko kideei eman die hitza, abenduaren 13an Urkullu lehendakari izendatu zutela baieztatzeko.
Gero, Urkulluk karguaren zina egin du Gernikako Arbolaren azpian, autogobernuaren sinboloaren azpian. Urkulluk Bizkaiko Foru Zaharra jasotzen duen XVII. Mendeko liburu baten eta Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuak jarrita egin du karguaren zina.
Zina egin eta gero, Ertzaintzaren Bandak Euskadiren ereserkia jo du eta hiru dantzarik ohorezko aurreskua eskaini diote.
Ondoren Juntetxeko pleno aretora sartu dira berriro eta Gernikako Estatutuaren 23. eta 24. artikuluak irakurri dituzte. Lehendakaria "Euskal Herriko ordezkari gorena" eta Estatuaren aurrean "ordezkaria" dela aldarrikatu du eta ardura "Koroari, Konstituzioari, Gernikako Estatutuari eta legediari errespetuz" gauzatuko duela hitzeman du.
Ekintza sinboliko gisa, Patxi Lopezek aginte makila eman dio Iñigo Urkulluri. Lehendakari berriak ez dio emozioari eutsi eta begiak busti zaizkio, gonbidatuen txaloak jaso dituenean. Legebiltzarreko presidenteak ekitaldiari amaiera eman dio. 'Agur Jaunak' abestia entzun ondoren, Urkulluk Ertzaintzako agintariak agurtu ditu eta kanpora atera da gonbidatuekin argazkiak egitera. Bakarka, Legebiltzarreko presidentearekin, lehendakari ohiekin, Mahaiko kideekin eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearekin egin ditu. Ondoren, bere familiaren txanda izan da. Urkulluk, Tejeriak eta Madariagak Gernikako Batzar Nagusietako ohorezko liburuan sinatu dute.