EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Inbestidura saioa
Administrazio publikoan % 20ko murrizketa egitea proposatu du Urkulluk
Lehendakari izanez gero, Jaurlaritza berriak sail eta sailburu gutxiago izango ditu, euskal instituzioen egitura aztertuko du eta ekonomia suspertzeko plan bat abian jarriko du.
Erredakazioa
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak krisi ekonomikoa, bakegintza eta autogobernua izan ditu hizpide nagusi inbestiduraren lehen saioan. Lehendakari izendatuz gero, bere gobernuaren lehentasunak bi izango direla nabarmendu du: alde batetik, ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea, eta bestetik, "aro berri honetan" bakea eta elkarbizitza behin betiko izatea ahalbidetzea.
Bi helburu horiek lortzeko akordioetara heltzea ezinbestekoa izango dela adierazi du eta "guztien arteko" hitzarmenak bilatuko dituela behin baino gehiagotan errepikatu du.
Testuinguru ekonomikoa latza dela eta datorren urterako aurreikuspena ezkorra dela aintzat hartuta, Urkulluk esan du "premiazkoa" dela ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko neurriak "lehenbailehen" hartzea.
Ildo horretan, murrizketak eta berregituratzeak ezinbestekoak izango direla adierazi du eta, lehendakaritzara iritsiz gero, lehendabiziko aldaketak Jaurlaritzan bertan egingo dituela iragarri du: "Sailak eta sailburuak murriztuko ditugu". Horrez gain, "euskal administrazioaren doitzea" beharrezkotzat jo du eta horrek "euskal instituzioen egitura aldatzeko beharra" aztertzea suposatzen duela ere azaldu du.
Murrizketak administrazio publikoan
Urkulluk esan du funtzionario eta langile publiko bakar bat ere ez dagoela sobran, baina erantsi du "denok" eman behar dugula zerbait, "gizartearen mesedetan, krisiaren ondorioak arintzeko eta Europa suspertzen hasten denean aurrean egoteko prest egoteko".
Horrenbestez, diru publikoa arduraz eta doitasunez erabiltzeko konpromisoa hartu du. "Horregatik, demokraziako Jaurlaritzarik osatuko dut eta, era berean, sektore publikoaren egitura berregituratu eta murrizteko asmoa daukat. Murrizketa hori % 20ra iritsiko da", azaldu du.
Euskal erakundeen egiturari dagokionez, antolatzeko eredua "indartu egin behar da, egungo testuinguru ekonomikora egokitzeko". Alabaina, berrikuntza horrek Lurralde Historikoen Legea, Estatutua eta oraindik prestatu gabe dagoen Udalen Legea bere baitan har ditzakeela zehaztu du, "betiere Kontzertu Ekonomikoa arriskuan jarri gabe".
Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko Plana
Bestalde, datorren urteko aurrekontuak onartu ostean, Enplegua eta Ekonomia Suspertzeko Plana abian jartzeko asmoa duela esan du.
Atzeraldi ekonomikoa gainditzeko ondoko bost puntu hauek aldarrikatuditu: pertsona sustatzaileak eta langile autonomoak babestea;berrikuntzarako programak bultzatzea; enpresa txiki eta ertaineilaguntzea; industria politika aktibatzea; eta gazteek enplegua lortzekoegitasmoa berezi bat martxan jartzea.
Dena dela, testuinguru ekonomiko zail honi aurre egiteko ahalik eta "akordiorik zabalena" bilatu nahi duela erantsi du. Gauzak horrela, alderdi politikoekin, diputazioekin, Eudelekin eta Euskadiko eragile ezberdinekin bilerak egingo dituztela iragarri du, planaren xehetasun guztiak elkarrekin aztertzeko.