EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Inbestidura saioa

Mintegik burujabetza aldarrikatu du, erabakiak hartu ahal izateko

EH Bilduren lehendakarigaiaren arabera, egungo egoeraren arazo larriena arazoei aurre egiteko "tresna nahikorik ez edukitzea da".

Laura Mintegi EH Bildu koalizioaren lehendakarigaia, gaurko inbestidura saioan. Argazkia: EITB
Laura Mintegi EH Bildu koalizioaren lehendakarigaia, gaurko inbestidura saioan.
Mintegik subiranotasuna aldarrikatu du, arazoei aurre egiteko

01:20

M. G / Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bildu koalizioaren lehendakarigaiak "subiranotasunari" emango dio lehentasuna EAEko X. legegintzaldian, egungo arazoak konpontzeko "giltza" hor dagoelakoan. Izan ere, erabakiak hartzeko "eskuak lotuta" dituztela salatu du.

Mintegik ireki du inbestidura saioa, ziurrenik Iñigo Urkullu lehendakari izendatuko duen saioaren lehenengo jardunaldia.

Lehendakarigaiak datozen lau urteetan EH Bilduren legebiltzarkideek izango duten "iparrorratza" azaldu du, eta egindako proposamen eta irizpidearen oinarria "burujabetzan" dagoela azpimarratu du, eta hori jarri du lehentasun gisa, "erabakitze eskubidea" alegia.

Era berean, Mintegiren helburu nagusia "Euskal Herri independente eta sozialista lortzea" dela aitortu du, eta horretarako "baliabide eta eremu guztiak" erabiliko dituztela hitz eman du.

Horren harira, "eskuinetik jarraitzen bada amildegitik behera" erortzeko dagoen arriskuaz ohartarazi eta "ezkerrerako bidea" hartzeko deia egin du.

Egoera ekonomikoa

Euskal Herriak bizi duen egoera ekonomikoari dagokionez, Mintegik azpimarratu du gaur egun ez dagoela "tresna nahikoa arazoaren larritasunari aurre egiteko", eta "adabakiak" jarri besterik ezin dutela egin. Hori dela eta, "erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu du berriro, baina ez "aukera" moduan, "beharrizan" bezala baizik.

EH Bilduren hautagaiak ondare handien gaineko zerga ezartzea eskatu du, izan ere, ez du uste horrek enpresa txikien kapitala murriztuko duenik, zeren sei milioi euroko etekinak dituen enpresa batek 15.000 euro ordaintzeak "ez du inor hondoratuko".

Elkarteen gaineko Zergaren beheranzko joera etetea eta oinordekotzei eta dohaintzei zerga "unibertsal eta progresiboa" ezartzea proposatu du.

Diruaren kudeaketari dagokionez, "zentzuzkoena eta beharrezkoa" Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza atzeratzea dela iritzi dio, izan ere, trenak, "zentzu errealean, eta metaforikoki ere, ez darama inora, zeren ez baitago ziurtatua trena Gasteiz eta Castejon baino harago joatea".

Bakea eta elkarbizitza

Bestalde, lehendakarigaiak "memorian, justizian eta elkarbizitzan" oinarritutako bakearen alde egin du, "bakea indarkeria eza baino gehiago" delakoan.

Mintegik "Egiaren eta elkarbizitzaren Batzordea" sortzea proposatu du, bakearen zutabeak ezartzeko. Batzorde horretan, ordezkari politikoez gain, "indarkeria jasan duten pertsona eta erakunde guztiak" egongo lirateke.

Gainera, bakea lortzeko bidean, ezinbesteko baldintza gisa aurkeztu du Espainiako eta Frantziako "estatuek indarkeria juridikoarekin eta instituzionalarekin eta jarrera oztopatzailearekin amaitzea", "presoak eta herbesteratuak Euskal Herrira itzultzea" eta "tortura desagertzea".

Lurralde Historikoen Legea eta Udal Legea

Administrazioaren egituraren harira, Lurralde Historikoen legea berrikustea proposatu du bikoiztasunak saihesteko, Udal Lege bat onartzea ere nahi du eta Administrazioari, "burujabetza lortu arte", dagozkion eskumen guztiak ematea.

PPri eta UPyDri kritika, erantzunetan

''Bakea lortzeko eskaintza zintzoa eta zuzena ari gara egiten. Kalean aldarrikapena da'', esan du Mintegik, arratsaldeko erantzun txanda abiatzeko.

Bakegintza arloan PPk eta UpyDk agertutako jarrera kritikatu du Mintegik, eta mezu argia igorri du: ''Ez dezatela pentsa batzuk besteen lubakira igaroko direnik, eta han daudenei arrazoia emango dietenik. Lubaki horiek estali egin behar dira'', gaineratu du. ''Bi aukera daude: Akordioa edo lubakia, eta azkenean akordioa lortuko dugu. Ez dezagun denbora gal'', esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea