Itxi

EITB TALDEA

GEMA-EITB elkarlana

Ate joka dugu 'GEMA Europe Summit & Awards', entretenimenduaren etorkizunari buruzko marketin-ekitaldi handia

EITB

Era askotako gaiak jorratuko dituzte, adimen artifiziala, marketinaren birdefinizioa datuen analisitik, Parisko 2024ko Olinpiaden marka-irudi eztabaidagarria eta kirol-hedabideen mundu aldakorra, berbarako. Jardunaldia amaitzeko, GEMA Awards Europe 2025 sari entzutetsuak banatuko dituzte, Donostian.

  • GEMA Europe Summit & Awards

    GEMA Europe Summit & Awards

Global Entertainment Marketing Academy of Arts & Sciences erakundeak (GEMA) eta EITBk GEMA Europe Entertainment Marketing + Creative Summit 2025 ekimen handia egingo dute maiatzaren 21ean eta 22an, Donostian. Erreferentziazko ekitaldi horren xedea da berrikuntza piztea, sormena bultzatzea eta entretenimenduko marketineko liderren arteko lotura estrategikoak sustatzea.

Maiatzaren 22an Evan Shapiroren hitzaldiarekin hasiko da jardunaldia, Tabakaleran. Evan Shapiro aditua entretenimenduaren kartografoa gisa ezagutzen dute. Bere agerraldian, datuetan oinarrituta, komunikabideen panorama aldakorrean barrena bidaia ausarta egingo du, eta marketina berdefinitzen saiatuko da, erabiltzailea ardatz duen aroan.

Ondoren, Parisko 2024ko marka olinpikoaren irudiaz arituko da Gédéoneko Emmanuelle Lacazer; eta, jarraian, Aileen Maddenek eta Jane Fielderrek (Red Bee Creative) hausnarketa egingo dute munduko telebista kate nagusien marka-identitateak plataforma anitzen bidez izaten ari diren bilakaeraz eta, aldi berean, mantentzen duten presentzia lineal boteretsuaz. Markus Schmidt (UnitedSenses) kirol-hedabideen mundu aldakorraz ariko da, eta Maurizio Vitalek (AMC Networks International SE) asebeteta dagoen merkatuan nitxo-markak nola hazi aztertuko du. Tim Milesek (Warner Music) zentzumen anitzeko saioa zuzenduko du, bere ariketaren ardatza istorioak kontatzeko eta markak sortzeko musikak duen ahalmen emozionala izango da.

Arratsaldean, Lee Hobbsek (Warner Bros. Discovery) eta Creative for Changek eraldaketa soziala bultzatzen duten kanpaina zirraragarriak aurkeztuko dituzte. Ondoren, AAren ordua izango da, hirurogei minutuko bloke berezia. Sortzaileen eguneroko lana hobetu dezaketen adimen artifizialeko tresnak aztertzeko jarduna. Gainera, AAko artista baten gidaritzapean, bertaratutakoek denbora errealean promozio pieza bat sortzeko aukera izango dute. Programak YouTuberi buruzko saio batekin jarraituko du, Marion Ranchet, Pilar Sanchez (YouTube) eta Blanca Rabena (2btube) adituekin.

Azkenik, emakumezko aditu multzoaren txanda izango da, entretenimenduaren marketinaren etorkizuna aztertuko dute: pertsonalizazioa, storytelling murgiltzailea eta kanpaina inklusiboen eraginaz arituko dira.

GEMA Awards Europe 2025 sariak, ekitaldiaren amaiera

GEMA Master of Craft aitorpena Seb Lester artista, diseinatzaile tipografiko eta kaligrafo ingelesari emanez amaituko dute biltzarra, arte tipografikoan eta identitate bisualean egin duen lan bikainari aitortza emanda. Horrez gain, Lesterrek Designing for the Stars aurkeztuko du, NASAren misio espazial baterako logoa sortzeari buruzko hitzaldia egingo du.

Jardunaldia amaitzeko, GEMA Awards Europe 2025 sariak banatuko dira, Europan telebistaren marketin sortzailerik berritzaileenak sarituko dituzte.