Itxi

EITB TALDEA

Aliantza

Oteiza Fundazioak eta EITBk Oscar Alegriaren 'Oteiza, 14 apostolu' ekoizteko akordioa sinatu dute

EITB

Ikus-entzunezko lan honetan, hainbat diziplina eta herrialdetako hamalau lagunek friso bat osatuko dute elkarrekin. Bakoitzak, laburki, euskal artista handiaren ibilbidean eta ondarean garrantzitsua izan zen kontzeptu bat argituko du.

  • Lankidetza-hitzarmenaren ekitaldiko irudia

    Lankidetza-hitzarmenaren ekitaldiko irudia. Argazkia: Oteiza Fundazioa

Oteiza Fundazioak eta EITBk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Oteiza, 14 apostolu ekoizteko. Jorge Oteizari buruzko ikus-entzunezko pieza honetan kultur giroko hainbat arlotatik datozen hamalau lagunek parte hartuko dute. Bertan, Orioko sortzailearen obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatzen dute.

Bi erakundeak pozik agertu dira etorkizunerako ekimenei atea irekitzen dien lehen lankidetza honekin. Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko presidenteak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Altzuzako Oteiza Museoan sinatu dute obraren ekoizpena ahalbidetuko duen akordioa. Alboan izan dira Gregorio Díaz Ereño Oteiza Museoko zuzendaria, Xabier Morrás Oteiza Fundazioko patronatuko kidea, Oskar Alegria zinemagilea eta Lourdes Fernández Artingeniumeko zuzendaria.

Proiektu hau Danok Oteiza programaren barruan kokatzen da. Oteiza Fundazioak sustatu du, Jorge Oteizaren pentsamendua eta figura gizartean hurbiltzeko eta zabaltzeko komunitate ireki eta parte-hartzaileak, alegia. Sinatutako hitzarmena dela medio, EITBk bat egin du ekimenarekin, eta Oteiza, 14 apostolu eskaini eta zabalduko du ETBn, eitb.eus-en eta PRIMERAN plataforman.

Errealizazio-fasean dagoen lan honek 30 minutu inguruko iraupena izango du, nahiz eta kapitulu bakoitza pieza bat bezala pentsatuta dagoen. Friso moduan, parte-hartzaile bakoitzak Alegriak proposatutako Oteizaren iruditeriari lotutako kontzeptu bat interpretatzen edo aipatzen du, multzo erritmiko eta artikulatu bat osatuko duen partitura ireki batean.

Lehen fase honetan, grabazio batzuk egin dira: Esther Ferrer artistarena (isiltasuna eta hutsunea); Ignacio Agüero idazle eta zinema zuzendari txiletarrarena (Oteiza eta Huidobro); Alicia Otaegi artistarena (Oteiza eta maskara); Josu Iztueta abenturazalearena (apostoluak eta Arantzazuko mendiak); Amorante musikariarena (apostoluen doinua) eta Alegria berarena (Oteiza eta ipar-mendebaldea). Alegriak hainbat film zuzendu ditu, nazioarteko lehiaketa askotan aitortza ugari jaso dituzten lanak, hala nola Emak bakia (2012), Zumiriki (2019) eta Zinzindurrunkarratz (2023). Horrez gain, Oteiza al margen. Notas manuscritas sobre cine y arte (2017) monografia argitaratu zuen, Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eta Punto de Vista Zinemaldiaren eskutik. Halaber, laster, frisoan parte hartuko dute Bertha Bermudez dantza garaikideko ikertzaileak eta Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko lehendakariak. Jorge Oteizak keinuarekin eta euskararekin duen harremanari buruzko "apostolutza" egingo dute, hurrenez hurren.

Aurtengo ekainaren amaierara arte, hau da, pieza hau amaitzen den denboran, gainerako grabazioak egingo dituzte Euskal Herriko, Japoniako, Parisko, Txileko eta New Yorkeko hainbat agertokitan.