EITB TALDEA
Doako streaming plataforma
"Intimitatean" saio arrakastatsuaren bigarren denboraldia estreinatu du PRIMERAN plataformak
EITB
Nerea Aliasek bere txoko atseginean hainbat emakumeri egindako elkarrizketa intimoak dira mamia. Besteak beste, Barbara Goenaga, Eider Mendoza, Olaia Inziarte, Euskoprincess eta Edurne Azkaraterekin arituko da solasean.
-
"Intimitatean"
Irribarre, konplizitate, emozio, aitorpen eta ahizpatasun gehiago dakarzkigu aste honetan PRIMERAN EITBren doako euskal streaming plataformak, "Intimitatean" saioaren bigarren denboraldia estreinatuko da eta. Oraingoan ere, hainbat emakumeri elkarrizketak egingo dizkie Nerea Aliasek, intimitatean gaudenean ahotan ditugun gure sekretu ezkutuak hizpide. 12 atal dira, eta Barbara Goenaga, Lur Errekondo, Eider Mendoza, Olaia Inziarte, Ylenia Baglietto, Lur Aranburu, Maialen Arzallus, Euskoprincess, Maria Cruickshank, Edurne Azkarate, Twin Melody eta Lara Izagirre izango dira denboraldi honetako gonbidatuak. Apirilaren 3tik aurrera, astero, PRIMERAN Originalak katalogoaren barruan. Barbara Goenagari egindako elkarrizketa ikusgai dugu dagoeneko.
Bestalde, gaur bertan estreinatu da PRIMERANen Urak eginen du bide (2024) dokumentala, Pantailak Euskarazek eta Mondragon Unibertsitateak egindako lana. June Agirre, Alex Altuna eta Oier Markotegi dira zuzendariak, eta euskarak ikus-entzunezkoen munduan duen egoera aztertzen du. Azken bi hamarkadetako iraultza digitalak gure bizitzetan pantailek duten pisua handitzea eta ikus-entzunezkoen eskaintza biderkatzea ekarri dute, eta horrek kontsumo-ohituren goitik beherako aldaketa ere ekarri du: sare sozialetan, Interneten eta plataformetan ikusi, elkarbanatu eta sortzen ditugu ikus-entzunezko edukiak. Baina zein hizkuntzatan iristen zaizkigu eduki horiek? Ba al du horrek eraginik euskararen normalizazio prozesuan? Hainbat adituren iritziak eta ikus-entzunezko munduko aurpegi ezagunen esperientziak ezagutuko ditugu euskarak pantailetan bizi dituen erronkak.