EITB TALDEA
Kirolak
Eskuz Binakako Txapelketako finalaren emozio guztia, igande honetan, EITBko hedabideetan
EITB Media
Ezkurdia-Rezusta / Artola-Mariezkurrena II bikoteen arteko norgehiagokaren ostean, EITB Pilotari Onena saria banatuko du EITBk, Navarra Arena pilotalekuan.


Eskuz Binakako Txapelketako finala jokatuko dute igande honetan (martxoak 30) Ezkurdia-Rezusta / Artola-Mariezkurrena II bikoteek Iruñeko Navarra Arena pilotalekuan, eta bertan izango da EITB, ikuskizun handia jarraitzen eta ikusle eta entzuleei gertatzen den guztiaren berri ematen zuzen-zuzenean hedabide eta euskarri ezberdinetan: ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.eus.
"ETB Kantxa" saioa 16:30ean hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en, Jaka-Albisu / P. Etxeberria-Martija atariko partidarekin. Ondoren, Bibitako final handiaz gozatu ahal izango dugu: Ezkurdia-Rezusta / Artola-Mariezkurrena II. Gertatzen den guztiaren kontakizuna eta analisia egiteko lantalde zabala izango da Iruñeko pilotalekuan: Jon Balenziaga, Xabier Euzkitze, Elena Azpeitia, Abel Barriola, Mikel Idoate eta Gentzane Aldai. Eurekin batera, kameren atzetik arituko diren profesionalak: kameralariak, laguntzaileak, argi eta soinu teknikariak, produkzioaz arduratzen direnak... Helburua izango da finalean gertatzen den guztia ikus-entzuleei xehetasun guztiekin eskaintzea.
Bestalde, Euskadi Irratian Kepa Iribarrek, Txetxu Urbietak eta Oinatz Bengoetxeak jarraituko dute partida Iruñetik zuzenean "Hiru Erregeen Mahaia" saioan. Radio Euskadiren kasuan, Mikel Bilbaok eta Asier Kareagak egingo dute kontakizuna Peio Martinez de Eulate adituarekin batera, "Kirol Festa" saioaren barruan.
Horrez gain, EITB Pilotari Onena sariaren bosgarren edizioaren sari banaketa izango da Navarra Arenan. EITBk txapelketan zehar gailendu den pilotariari emango dio EITB Pilotari Onena saria.