Itxi

EITB TALDEA

#ekin_transformazioa

PRIMERAN plataformak "Glaziarrak agurtzen" lau ataleko dokumental-sorta estreinatu du

EITB Media

Pirinioetako lau glaziarren bilakaera eta egungo egoera aztertzeko bidaia ikusgarria proposatzen digu Eñaut Izagirre glaziologoak. 3D teknika berezien eta irudi birtualen laguntzarekin, kapitulu bakoitza esperientzia paregabea izango da. Arnaitz Fernandezek parte hartzen du ataletako batean.

  • Dokumentalaren irudia

    Dokumentalaren irudia

Nazio Batuek Glaziarren urtea izendatu dute 2025a; eta martxoaren 21ean, lehen aldiz, Glaziarren Mundu Eguna ospatuko da. Hitzorduarekin bat eginez, "Glaziarrak Agurtzen" lau ataleko dokumental-sorta estreinatuko du ostiral honetan PRIMERAN EITBren doako euskal streaming plataformak. Gainera, #ekin_transformazioa ekimenaren barruan, erreportaje bereziak egingo dituzte "Eguraldia" saioan eta ORAIN EITBren albiste kanal berrian.

Aneto, Infiernos, Perdido eta Vignemale. Pirinioetako glaziar horiek desagertzeko arriskuan daude. Zergatik? Zeintzuk izango dira ondorioak? Lau glaziarren bilakaera eta egungo egoera erakusteko bidaia proposatzen digu "Glaziarrak Agurtzen" dokuserie berriak, Eñaut Izagirre glaziologoaren eskutik. Aneto-Aire izeneko atalean, gainera, Arnaitz Fernandez fisikari eta EITBko "Eguraldia" saioko aurkezlea izango du alboan, eta Aneto Maladeta glaziarrera igoko dira biak. Hala, aldaketa klimatikoak glaziarretan eragin dituen hondamenak aztertuko dituzte: batek, fisikaren ikuspegitik; eta besteak, glaziologiatik eta mendizaletasunetik. Bilbao BBK Mendi Film jaialdiaren azken edizioan aurkeztu zuten.

Inguru horretako paisaia eta bazter ederrak bisitatuko dituzte, eta airetik hartutako irudiak ere eskainiko dituzte, parapentean zeharkaldi bat ere eginez. Hartara, glaziarrak desagertzeak airean duen eragina aztertuko dute.

Lanak, gainera, ikus-entzunezkoen teknologia berrien beste ikuspegi bat dakar, 3Daren eta efektu bisualen bidez errealitateak irudimenarekin bat egingo baitu. Hala, atal bakoitza esperientzia paregabea izango da: 3Dko elementuak benetako paisaiekin lotuz, Pirinioetako glaziarren desagerpenari buruzko narratiba bisualki liluragarria egingo da. Adimen artifizialarekin irudi bereziak sortuta, adibidez, oinarrizko kanpamentu birtual bat islatuko dute; eta produkzio birtuala eta errealitate areagotua baliatuz, denboran atzera eta aurrera egingo dute.

Dokumentalaren irudia

Dokumentalaren irudia

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB