EITB TALDEA
EITB Kirolak
Harri-jasotzea oinarri duen "Harri Herri" txapelketaren hirugarren edizioa, martxoaren 31tik aurrera, EITBn
EITB Media
16 gizonezkok eta 16 emakumezkok hartuko dute parte, eta launa talde lehiatuko dira. Aurten berrikuntza kapitainetan dago: emakumezko lau taldeek emakume bana izango dute gidari.
-
Saioaren aurkezpena, Usurbilgo Saizar sagardotegian. Argazkia: EITB Media
"Harri Herri" herri kirol programaren hirugarren edizioa estreinatuko du EITBk martxoaren 31n. Oraingoan ere, ETB1en eta eitb.eus-en eskainiko da harri jasotzea oinarri duen txapelketa, astelehen gauetan, 22:20ean.
Ostegun honetan (martxoak 20) aurkeztu du saioa EITBk Usurbilgo Saizar sagardotegian. Ekitaldian izan dira Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria eta hainbat lehiakide eta kapitain. Horrez gain, Luis Mari Bengoa Egur Sport enpresako arduraduna eta lehiaketako babesleen ordezkaritza ere bildu da bertara.
Aurten ere 32 harri-jasotzailek hartuko dute bertan parte, 16 gizonezkok eta 16 emakumezkok; eta launa taldetan lehiatuko dira, lau gizonezkoetan eta lau emakumezkoetan. Nobedadea, ostera, kapitainen aldetik dator. Emakume taldeen kapitainak ere emakumezkoak izango dira lehendabizikoz: Elene Ostolaza, Karmele Gisasola, Naroa Arruti eta Lur Errekondo. Gizonezkoak berriz iazko berak: Joseba Ostolaza, Zelai II, Izeta II eta Luis Mari Telleria izango ditugu berriro ere. Zortzi talde izango dira guztira, eta talde bakoitzak harri baldar baten izena izango du: Albizuri, Igeldo, Etxauri, Laukariz, Mollarri, Ibiur, Ergobia eta Ulia.

Karmele Gisasola, Naroa Arruti, Lur Errekondo eta Elene Ostolaza
Txapelketak Zarauzko Aritzbatalde frontoia du kokaleku eta grabatu dira jada lau finalerdiak eta finala. Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariekin batera, Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia eta Idoia Etxeberria harri-jasotzailea arituko dira aurkezle eta aditu lanetan.