Itxi

EITB TALDEA

EITB 2030 Estrategia

GUAU jaio da, euskal audio-edukiak biltzen dituen EITBren plataforma berria

EITB Media

EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcast produkzioak jasoko ditu: irratia zuzenean eta irratsaioak nahieran, podcastak eta bideopodcastak, audio-liburuak, zuzeneko emanaldi bereziak eta eduki esklusiboak. Doakoa da, eta nahikoa da erregistratzea edukiekin gozatzeko.

  • GUAU, EITBren audio plataforma berria

    GUAU, EITBren audio plataforma berria

Bideoak (1)

Ostegun honetan, otsailak 6, jarriko da martxan GUAU-Gure Audioa, EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcasten produkzioak eskuragarri jarriko dituen doako streaming plataforma berria. Entzunezko edukia modu errazean eta erakargarrian eskura jarri eta zabaltzeko helburua du EITBren apustu digital berri honek, audioaren euskal ekosistema bildu eta bultzatzeko eta euskara kontsumo berriak dauden lekuetara iritsi dadila bermatzeko. 

Horretarako, irratia zuzenean eta irratsaioak nahieran, aktualitatea klip laburretan, podcastak eta bideopodcastak, audio-liburuak, zuzeneko emanaldi bereziak eta eduki esklusiboak bilduko ditu, dibertsitatea oinarri hartuta: formatu eta generoetan, gaietan eta baita kontsumitzeko moduetan ere.

EITBren sei irrati emisorak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak) zuzenean entzuteko aukera emango dugu, eta 100 irratsaiotik gora, nahieran. Hasteko, 150 podcast baino gehiago eta 18 bideopodcast bildu ditu, eta katalogoa handitzen joango da. GUAU Originalak ere ez dira faltako plataforma berrian. Informazioa eta aktualitatea, kultura, osasuna eta ongizatea, zientzia eta teknologia, kirola, musika, umorea… Guztira 14 kategoriatan bildutako eduki eskaintza zabala eta kalitatezkoa.

Estreinaldia behar bezala ospatzeko, ekitaldi berezia egingo du EITBk ostegun honetan bertan, Bilboko egoitzako 5. platoan. Antton Telleriak gidatuta, musika, umorea eta podcastez zuzenean gozatzeko aukera izango da, tartean "Benetan Zabiz" eta "Ganbara Negra". Kolaboratzaile garrantzitsuek ere hartuko dute parte, eta Mirua taldeak zuzenean joko du. Streaming bidez emango da eitb.eus webgunean.

Plataforma berria jada eskuragarri dago guau.eus webgunean, Play Store eta App Store guneetan aplikazioa jaitsita (Android eta iOS), eta chromecast bitartez (telebistan, bozgorailu adimendunetan). Laster egongo da Smart TV gailuetan (botoi gorria sakatuz) eta hemendik hilabete batzuetara ibilgailuetan ere, mugikorra sistemaren pantailara konektatuz.

GUAU doakoa da eta nahikoa da erregistratzea edukiekin gozatzeko. PRIMERAN eta MAKUSIko erabiltzaileek ez dute berriz ere erregistratu beharrik, eta zuzenean sartu daitezke plataforma berri honetara beste plataformetako kontuekin.

Izan ere, PRIMERAN eta MAKUSIren ildotik sortutako EITBren marka digital berria da GUAU, kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategia sendoan aurrerapausoa. Euskal gizarteari zuzendutako erreferentziazko audio-plataforma bat abiatuta, audio-eduki digitalen ekoizpen eta banaketaren buru izan nahi du EITBk; eta, oraingoan ere, euskal kultura eta errealitatea guretik haratago zabaldu, ahalik eta entzule kopuru handia izan dezagun.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea