Itxi

EITB TALDEA

Abenduak 3

EITBk bi estreinaldi dakartza Euskararen Egunean: zaharberritutako 'Tasio' eta 'Bizkarsoro'

EITB Media

Aurten 40 urte bete dituen Montxo Armendarizen filma ETB2n eta Josu Martinezen lana ETB1en emango dira. Horrez gain, Bilboko Euskalduna Jauregiko ekitaldi instituzionala zuzenean emango dute "Biba Zuek!" saioko kideek, 18:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Patxi Bisquert aktorea, 'Tasio' pelikulan

    Patxi Bisquert aktorea, 'Tasio' pelikulan

EITBk bi film estreinatuta ospatuko du aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna. Alde batetik, 40 urteren ostean zaharberritua izan den Tasio filma izango dugu ikusgai "La Noche de…" saioan, ETB2n, 22:20ean, eta Primeran doako streaming plataforman. Euskadiko Filmategiak 4K-n zaharberritu zuen Boloniako L'immagine Ritrovata laborategietan Montxo Armendariz zuzendari nafarraren lana. Ordutik, euskal zinemagintzaren funtsezko obra horrek ibilbide aparta izan du nazioarteko jaialdietan: Cannesen, Boloniako Ritrovaton, Lyongo Lumiéren, Donostia Zinemaldian… 

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. 

Bestalde, Josu Martinezen Bizkarsoro filmaren telebistako estreinaldia izango dugu ETB1en, 21:45ean, baita Primeranen ere. Iazko Zinemaldian aurkeztu zen lanak euskaldunek jasandako jazarpena kontatzen du, 1914tik 1982ra bitartean fikziozko Bizkarsoro herrian gertatzen diren bost istorioren bitartez. 

Euskararen Egunean han-hemenka egingo diren ekitaldien berri emango dute EITBko hedabideek albistegi eta programetan. Gainera, Bilboko Euskalduna Jauregiko ekitaldi instituzionala zuzenean jarraitu ahal izango da "Biba Zuek!" saioaren barruan, 18:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en, Ilaski Serranoren eskutik.