Itxi

EITB TALDEA

Euskarazko doako plataforma

Luxuzko estreinaldiak Primeranen: Odei Jainagaren "Piztien Artean" saio esklusiboa eta ZINEBIren bilduma

EITB

Primeranen 'Originalak' katalogoan, planetako piztiarik harrigarrienekin aurrez aurre egingo du topo Odei Jainagak azaroaren 8tik aurrera. Saio esklusiboa da, besteak beste Amazonian, Tanzanian eta Thailandian grabatua. Astelehenean "Iban & Maite Beauty"ren bigarren denboraldia iritsiko da.

  • "Piztien Artean"

    "Piztien Artean"

Astero bezala, estreinaldi handiekin dator Primeran doako euskal streaming plataforma, tartean zinemarik onenaren bilduma berria eta proposamen berezia Originalak katalogoan. Hala, ostiral honetan estreinatuko du Primeranek Piztien Artean saioa, Odei Jainaga kirolaria protagonista. Xabalina jaurtitzaileak munduan zehar bidaia egingo du, planetako piztiarik harrigarrienekin aurrez aurre topo egiteko. Abentura horretan bere trebetasunak erakutsi beharko ditu Odeik, eta eibartarraren bizitza bera ere arriskuan jarriko duten hamaika egoerari aurre egin beharko die. Amazonia, Tanzania, Thailandia, Uganda... egoera paregabeak, animaliaz inguratuta, sei atal ikusgarritan. Azaroaren 8an bertan egongo dira lehen bi atalak ikusgai.

Odei Jainaga

Odei Jainaga

Primeranentzat sortutako eduki esklusiboaz gain, zinema eskaintza berria ere badakar euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handienak. Ostiral honetan bertan abiatuko da ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioa eta, inaugurazioarekin bat eginda, bertan proiektatutako 9 film labur eta 4 dokumental emango ditu Primeranek, Bizkaiko hiriburuko zinema jaialdi ezagunarekin aliantzan. Film laburren artean ikusgai izango ditugu Hemen bizi da maitasuna, Hondarrak, Arnasa, Cuerdas, Infernuan, Sutan, Sorbeltza, Lanbroa eta Contadores; dokumentaletan, berriz, Pizti bat agian, Aire!, Arnasa betean, emakume zinegileak eta Esther Ferrer: hilos de tiempo.

Hilabeteotan zehar euskal zinemagintza onenaren arrakasta handiak estreinatu ditu Primeranek, euskaraz; eta, oraingoan ere gure zinema ekosistemaren aldeko apustuari eutsi dio, euskal ikus-entzunezkoen industria eta gorabidean dauden egileak babesteko helburua duen ZINEBI jaialdiarekin elkarlanean.

Hori gutxi ez, eta astelehenean bertan, azaroak 11, beste estreinaldi handi bat dakar Primeranek:  Iban & Maite Beauty saioaren bigarren denboraldia. Lehen sei atalen arrakastaren ondoren, berriz ere ileapaindegiko ateak irekiko dituzte Iban Garciak eta haren amak, Maite Azpiazuk. 

Primeran doakoa da eta nahikoa da erregistratzea eduki horiekin guztiekin gozatzeko.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea