Itxi

EITB TALDEA

Sariak

"Porno Belaunaldia" saio arrakastatsuak aitortza berria lortu du nazioarte mailan: Venice TV Awards sarietan

EITB MEDIA

Nazioarteko telebista-programen berrikuntza eta bikaintasuna azpimarratzen dute Veneziako Telebista Sariek, eta dokumentalen atalean izendatu dute EITBren dokumental saila.

  • "Porno Belaunaldia", Venice TV Awards sarietan

    "Porno Belaunaldia", Venice TV Awards sarietan

Arrakastaren bideari tinko eusten dio EITBren "Porno Belaunaldia" dokumental sailak, baita nazioarte mailan ere; eta oraingoan, Italiatik iritsi da aitortza. Izan ere, Veneziako Telebista Sarietan izendapena lortu du lanak, dokumentalen atalean. Urtero nazioarteko telebista-programen bikaintasuna eta berrikuntza saritzen dituzte bertan, eta oraingoan EITBren saioak lortu du izendapena.

"Porno Belaunaldia" saioaren nazioarteko oihartzunak Alemanian ere izan du isla, ekainean bertan Berlin International TV SERIES FESTIVAL jaialdian lana hautatu baitzuten, Best Docu-Series atalean. Maiatzean, berriz, AEBko Charleston hirian (Hego Carolina) egindako INPUT 2024 nazioarteko konferentziako profesionalek azpimarratu egin zuten EITBk erakutsitako "ausardia" horrelako gai korapilatsu bati heltzeko, baita gaia lantzeko "modu konstruktiboa" ere.  

Dokumental sailaren ibilbide arrakastatsuak martxoan izan zuen abiapuntua, Pello Sarasola Sariarekin; eta apirilean heldu zen ARF BARCELONA AWARDS golardoa, Envision Award Winner kategorian. Berriki, FesTVal saria eskuratu du Gasteizko Telebista Jaialdian.

Lekukotasun eta testigantzen bitartez, nerabeen eta sexuaren eta pornografiaren arteko egungo harremana filtrorik gabe erakusten duen saioa da "Porno Belaunaldia", EITBk, TV3k eta SHINE IBERIA SL.k ekoitzita. EITB Nahieran-en eta PRIMERAN doakoa streaming plataforman ikusgai daude atal guztiak

Gainera, EITBk "Klik Belaunaldia/Generación Click" estreinatu berri du, mugikorrak eta sare sozialak gehiegi erabiltzeak nerabeengan dituen ondorioak aztergai. Hau ere ikusgai dago EITB Nahieran-en eta PRIMERAN-en.