EITB TALDEA
'Batzen gaituzten emozioak'
MAKUSI klubak bere lehen jai handia egingo du larunbat honetan BECen
EITB Media
Haur eta gazteei zuzendutako EITBren unibertso digitalean murgildu eta plataforma ezagutzeko aukera izango da bertan, mota guztietako jarduerekin. Halaber, "Go!azen"en denboraldi berriko lehen atala eskainiko da Bizkaia Arenako pantaila erraldoian. Ostiralean aurkeztu dute jaia, EITBren egoitzan.
-
Aurkezpen ekitaldiko argazkia
MAKUSIk, haur eta gazteentzako euskarazko EITBren ekosistema eta plataforma digitalak, bere lehen jai handia ospatuko du larunbata honetan, egun osoan, BECen Prestatu den egitarau zabalaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute ostiral goizean EITBren Bilboko egoitzan. Hauek izan dira bertan: Nerea Zendoia MAKUSIko arduraduna; Potx, Izaskun eta Xabi Sound, "Potx eta Lotx" saioko protagonistak; eta Ander Murillo, Ander Ayerza, Kimets Etxabe eta Nerea Elizalde "Go!azen"eko aktoreak. Jaia antolatzeko lanetan babesle izan diren enpresa eta erakundeetako ordezkariak ere izan dira prentsaren aurrean: Naiara Urkia, Kaiku Baserriko marketing arduraduna, eta Yolanda Rodriguez, IHOBEko Komunikazio Estrategikoaren eta Nazioarteko Komunikazioaren arduraduna.
11:00etan zabalduko dira BECeko 2. pabiloiko ateak, eta bertaratzen diren familiek aukera paregabea izango dute EITBk etxeko txikienentzat sorturiko entretenimenduko plataformako pertsonaiak ezagutzeko: Potx eta Lotx pailazoek antzerki, dantza eta musika emanaldia egingo dute (ondoren, MAKUSI plataforman jarriko da ikusgai) eta Izaskunek hainbat erronka proposatuko ditu. Anepe Acedo eta Aritz Mendiola, berriz, "Kalaxka" saioaren gunean egongo dira 12:00etatik aurrera, haur eta gaztetxoekin argazkiak egiten eta sinatzen.
Bestalde, denetariko jarduerak egongo dira etxeko txikienen gozamenerako: zirku ikuskizuna, puzgarriak, ludoteka, irakurketa eta margotzeko txokoak, ipuin-kontalaria, tailerrak, eskulanak, abentura parkea, ohe elastikoak, proiekzio gunea (MAKUSI unibertsoko saio propioekin), "food truck"ak… Horrez gain, "Irabazi Arte!" eta "Power Up" telesailek txoko propioa izango dute, futbolinean eta bideojokoetan aritzeko.
Bazkalostean, Goazen musika ikuskizun berezia taularatuko dute telesaileko aktoreek, eta 17:30ean, 11. denboraldiko lehen atala pantaila handian ikusi ahalko da, Bizkaia Arenan. Aurretik, "Power Up" saioaren 2. denboraldia estreinatuko da. "Go!azen"en emanaldira joateko gonbidapenak geratzen dira oraindik (sartu hemen). Sarrera hauekin lortutako dirua aurtengo EITB Maratoira bideratuko da: hots, gaixotasun kardiobaskularren ikerketara.
MAKUSI Jaia 2024