EITB TALDEA
EITB Gala
"Itsatsita Berriz" aurrestreinatu du EITBk Zinemaldian, Jon Plazaola eta Leire Martinezekin
EITB Media
EITBk Alderdi Ederren duen set mugikorrean egin da goizean prentsaurrekoa, eta Victoria Eugenia antzokiko EITB Galan izan da aurrestreinaldia. Asteazken honetatik aurrera, egunero atal bat emango da Instagramen; urriaren 25ean estreinatuko da Primeran plataforman.
EITBk Itsatsita Berriz fikzio musikala aurkeztu du asteazken honetan Donostia Zinemaldian. Jon Plazaola eta Leire Martinez dira protagonistak, eta dagoeneko ikusgai dago Instagramen (@itsatsita_eitb), atal bat kaleratzen da egunero. Aurrerago, urriaren 25ean, Primeran plataformara iritsiko da, eta 2023an estreinatu zen Itsatsita instaseriearen jarraipenaz gozatzeko aukera izango da.
Oraingoan, 40 urte inguruko bikote bat lotuta geratuko da auto batean txortan egiten duten bitartean. Larrialdi-zerbitzuko osasun-profesionalek ezin dute sinetsi: Penis captivus kasu bat, berriz ere! Bikotea itsatsita dagoen bitartean, zalantza existentzialak kontatzen dizkiete elkarri, baita haien beldurrak eta ametsak ere. Protagonistek, ordea, banandutako bikotekideekin izandako alabak dituzte. Nola erreakzionatuko dute?
Pausokak EITB Mediarentzat ekoitzitako fikzio musikal honetan, Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria aktore lanetan ikusiko dugu lehen aldiz; Jon Plazaola, berriz, estreinakoz arituko da musikal batean.
Itsatsita berriz
Bestalde, Iker Huitzi Demodé Quartet taldeko kidea ikusiko dugu berriz ere erizainaren paperean. Aktore taldean daude, halaber, Itsatsitaren lehen edizioan protagonista izan genuen Gari Uriarte (Dupla taldeko abeslaria), Ane Lukin abeslaria eta Go!azen telesailean ezagutzera eman den Aitziber Errazkin gaztea.
Jon Plazola eta Leire Martinez.