EITB TALDEA
EITB euskal zinemarekin
Euskal Zinemaren Gala Handiak talentuz beteko du Victoria Eugenia antzokia, gaur arratsaldean, EITBren eskutik
EITB Media
Leire Martinezek eta Gorka Aginagaldek Victoria Eugeniako gala aurkeztuko dute, eta, besteak beste, Izarok emanaldia egingo du. Gainera, Elena Irureta, Edurne Azkarate, Paul Urkijoren Irati lana, Victor Erice, Mitxel Gaztambide eta Victor Iriarte sarituko dituzte egindako lanagatik.
-
2023ko Euskal Zinemaren Galako irudia
Euskal Zinemaren Gala Handia izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian astearte honetan, irailaren 24an, EITBren eskutik. Gainera, hainbat sari banatuko dira, euskal zinema osatzen duten eragile guztien festan egindako lana nabarmentzeko.
Euskal Zinemaren Gala Handia Leire Martinezek eta Gorka Aginagaldek aurkeztuko dute. Izaro abeslariak, Alos Quartet taldeak eta Amaia Elizaran dantzariak ere parte hartuko dute. Elena Irureta aktoreak, Donostia Zinemaldiak ematen duen Zinemira sariarekin, bere ibilbidearen aitortza jasoko du; Edurne Azkaratek, berriz, Euskal Aktoreen Batasunak ematen duen Bultzada saria jasoko du Irati filmean egindako lanarengatik. Hain zuzen ere, Paul Urkijoren filmak jasoko du euskal film arrakastatsuenaren saria, Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen eskutik. Michel Gaztambidek eta Victor Ericek Euskal Gidoigileen Elkartearen eta SGAEren Euskal Herriko Gidoigile Onenaren saria jasoko dute, eta Victor Iriartek EITBren Egile Berriak saria.
Gonbidatu andana izango da ekitaldian. Euskal zinema munduko aurpegi ezagunez gainera, gizarteko, kultura arloko eta erakundeetako goi mailako ordezkariak izango dira galan. Honako hauek, besteak beste: Estibaliz Urresola, Aitor Arregi, Sofia Otero, Telmo Irureta, Ane Rot, Martin Urrutia, Jon Olivares, Ainhoa Etxebarria, Lander Otaola, Itziar Lazkano, Amaia Aberasturi edota Go!azen eta Irabazi Arteko aktoreak, Twin Melody abeslariak, Igor Yebra dantzaria, Fernando Velazquez konpositorea, Pau Echaniz eta Miren Lazkano piraguista txapeldunak, eta Alex Txikon alpinista.
19:30ean hasiko da gala, baina aurretik, gonbidatuak Victoria Eugenia antzokiko alfonbra gorritik pasako dira. ETB2n eta eitb.eus-en ere izango da ikusgai Euskal Zinemaren Gala Handia, 23:00etan hasita.
EITBren Egile Berriak saria, Victor Iriarteri
EITBk Egile Berriak sariarekin euskal talentua aldarrikatuko du bigarren urtez Donostia Zinemaldian. Victor Iriarte zinemagile bilbotarrari egokituko zaio saria, Sobre todo de noche fikziozko bere lehen filmarengatik. 2023ko irailean estreinatu zen mundu osoan, Veneziako (Italia) Zinemaldiko Giornate Degli Autori sail ospetsuan.
Izen handiko 60 lehiaketetan parte hartu duen Sobre todo de noche filmaren protagonistak Lola Dueñas, Ana Torrent eta Manuel Egozkue aktore berria dira. Halaber, bertako talentuen taldean aritu dira Maite Arroitajauregi-Mursego (musika), Alazne Ameztoy (zuzeneko soinu burua) eta Izaskun Urquijo (arte zuzendaria). Gidoia zuzendariak berak idatzi du, Isa Campo eta Andrea Queraltekin batera.