Itxi

EITB TALDEA

EITB Taldea

EITBk presentzia handiagoa izango du Donostia Zinemaldian

EITB Media

Set mugikor handi bat izango du Alderdi Ederren, irrati eta telebista saioak, aurkezpenak eta "Go!azen" zein "Irabazi Arte"ko aktoreek argazki-sinadurak egiteko. Berebat, hilaren 24ko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak Victoria Eugeniako terrazatik egingo dira, besteak beste.

  • 72. Zinemaldiko kartela

    72. Zinemaldiko kartela

EITB, Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial bihurtuta, irailaren 20tik 28ra bitartean egingo den 72. edizioaren erakusleiho izango da, eta presentzia handiagoa izango du kultur hitzordu garrantzitsu honetan. Hartara, euskal zinemaren industriarekin duen konpromisoa sendotuko du. 

Irailaren 20tik, plataforma ikusgarri bat izango du Alderdi Ederren. Bertatik egingo dute Euskadi Irratiko Faktoria magazina egun horretan, baita datorren asteko Biba Zuek eta Gora Bihotzak saioak ere. Go!azen eta Irabazi Arte telesailetako aktoreekin egoteko aukera egongo da beste egun batzuetan, eta EITBk haur eta gaztetxoentzat sortu duen Makusi plataformari buruzko jardunaldia ere prestatu dute set mugikor handian. 

Set mugikorra, Alderdi Ederren

Set mugikorra, Alderdi Ederren

Bestalde, irailaren 24n, Victoria Eugenia antzokian, Leire Martinezek eta Gorka Aginagaldek aurkeztuta egingo den Euskal Zinemaren Gala Handia antolatzen eta ekoizten ari da EITB. Gainera, euskal zinema osatzen duten eragile guztien festa horretan Egile Berriak saria emango du, orain urtebete euskal talentu berria nabarmendu eta bultzatzeko sortua. Horren harira, Gaur Egun eta Teleberri albistegiak antzokiko terrazatik egingo dituzte zuzenean, eguerdian eta gauean. 

Aurtengo beste bi hitzordu nagusiak izango dira Itsatsita fikzio musikalaren aurrestreinaldia, irailaren 25ean, Victoria Eugenian egingo den EITB Galan, eta Go!azen 11 denboraldi berriaren aurrestreinaldi handia, hilaren 27an, Belodromoan. Sarrerak salgai jarri eta berehala agortu ziren. Jon Plazaola aktorea eta Leire Martinez abeslaria dira Itsatsita ekoizpeneko protagonistak eta urrian estreinatuko da Primeran plataforman. 

EITB etengabe ari da ikus-entzunezko sektorearekin eta industriarekin lankidetzan. Horren erakusgarri dira zinema jaialdian proiektatuko diren 12 ekoizpenetan izan duen partaidetza (fikziozko 3 film luze, 7 dokumental, film labur bat eta bi serie), eta hilaren 24rako antolatu duen jardunaldi profesionala

Hedabide eta euskarri guztietan egingo zaion jarraipen informatiboaz gain, EITBk zuzenean eskainiko ditu irekiera gala (irailak 20, 21:00, ETB1), itxiera gala (irailak 28, 21:00, ETB1), Cate Blancheteri Donostia Saria (irailak 21, 19:15, ETB4) eta Pedro Almodovarri Donostia Saria (irailak 26, 18:00, ETB4). Halaber, Euskal Zinemaren Gala ETB2n izango da ikusgai, 22:20ean, hilaren 24an. Emanaldi guztiak eitb.eus-en jarraitu ahal izango dira.