Itxi

EITB TALDEA

Denboraldi berria

Herritarrengandik gertuago egotea eta kontsumo berrietara egokitzea, EITB Taldeko irratien erronka berriak

EITB MEDIA

Denboraldi berriari ekin diote Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak eta Gazteak, bakoitzak bere izaerari eutsiz, baina eduki berriak jorratu eta gizartean presentzia areagotzeko asmoz.

  • EITB Taldeko irratien denboraldi berria

    EITB Taldeko irratien denboraldi berria

EITB Taldeko irratiek denboraldi berriari ekin diote astelehenean, irailaren 9an. Irrati bakoitzak bere izaerari eutsiko dio, dagoeneko egonkortuta duen programazio eskaintza askotariko eta zabalarekin. Alabaina, bat egingo dute bi helburu nagusitan: bateko, publiko berrietara iristea, herritarrengandik gertu egonez; besteko, garai eta kontsumo berrietara egokitzea, atal eta narratiba berriak probatuz. Halaber, EITB 2030 Estrategian finkatutako lan-ildoak kontuan izanik, teknologia eta adimen artifizialak ematen dituzten aukerak baliatuko dituzte sare eta leiho askotarietako jarduna indartzeko.

Euskadi Irratia

Irratia kalera ateratzeko ahalegin berezia egingo du Euskadi Irratiak, ahots guztiei lekua egiteko eta emakumearen presentzia indartzeko, programazioaren bizkarrezurrari eutsiz: kalitatezko informazioa eta entretenimendua eskaintzea, euskaraz. Gizarte gaiei arreta bereziz jorratuko ditu Iñaki Guridik gidatutako "Faktoria" albistegiak eta gertuko istorioak bilduko dituzte Maider Segurolak aurkeztutako magazinean; publiko gazteagoari eta hiritazaleagoari zuzendutako irratsaioa egiten jarraituko du Olaia Urtiagak "Baipasa"n.

Euskadi Irratiko programazioan ditugu, halaber, aktualitatearen berri emango duten albistegiak, kulturari eta dibulgazioari eskainitako saio anitz, eta kirol eskaintza zabala, gertuko jarraipena egiteko ez soilik jarduera nagusiei, baita kirol minoritarioei eta euskal kirolariei ere. Bestalde, sare sozialen aldeko apustua sendotzen jarraituko dute, irratia noiznahi eta nonahi eskura izateko.

Radio Euskadi

Informazioarekiko eta aktualitatearekiko konpromisoa berretsiko du, hurrengo hilabeteetan gizartean oihartzuna izango duten gai nagusiei begira, esate baterako, Estatu Batuetako hauteskundeak. Horretarako, lantaldeak sendotuko dituzte, ordu tarte guztietan: goizean goiz hasiko dira, Eider Hurtadok gidatutako "Boulevard" saioan, baita aurretik Begoña Jimenezek egingo duen "Bostekoa" irratsaio berrian ere; bertan, egunari aurre egiteko informazio praktikoa eta aholkuak emango dituzte. Bestalde, Xabier García Ramsden irratira itzuliko da, eta  berrikuntzak izango dituen "Distrito Euskadi" saioa gidatuko du. Erritmo biziko irratsaioa egingo dute, eta barre egiteko eta dibertsiorako tarte asko izango ditu.

Albistegietan inoiz baino zuzeneko gehiago egingo dituzte eta emakumeek gidatuko dituzte lau saio nagusiak: Eider Hurtadok "Boulevard", María Cerecedak "Crónica de Euskadi", Arantza Garcíak "Ganbara" eta Aitziber Bilbaok "Crónica de Fin de Semana".

Aktualitateaz gain entretenimendua ardatz duten ohiko magazinak izango ditu Radio Euskadik: Iñaki Espigarekin, astelehenetik ostiralera, eta Almudena Cachorekin, asteburuetan. Kiroletako erredakzioak adi-adi jarraituko ditu euskal kirolarien abelerak txapelketetan.

Radio Vitoria

Mugarri garrantzitsu batekin ekingo dio denboraldi berriari Radio Vitoriak: 90. urtemugako ospakizunekin; herritarrekin partekatuko du une garrantzitsu hori, datorren irailaren 30ean. Bestalde, gasteiztarrekin eta oro har Arabako gizarte osoarekin betidanik izan duen gertuko harremana sendotzeko ahalegina egin dute irratsaio nagusietan: eduki eta kolaboratzaile berriak izango dituzte "Radio Vitoria Gaur" (Aratz Goikoetxea eta Alejandra Eguiluz), "Diálogos" (Pilar Ruiz de Larrea) eta "Déjate Llevar" (Mertxe Guillén) saioetan.

Kirola da Radio Vitoriaren programazioaren beste ardatz nagusia: lurraldeko talde eta kirolarien berri zehatz-mehatz ematea, egunero; Alaves eta Baskoniaren partida guztiak ematen dituen hedabide bakarra da, hain zuzen ere. Azkenik, Arabako jai eta kultur ekitaldi nagusietako bizipenak jasotzen jarraituko dute.

Gaztea

Gaztea irrati bat baino gehiago da. Izan ere, urtez urte finkatu den uhinen bidezko programazio eskaintzarekin batera, hainbat osagai dituen unibertso zabala osatu du: gazteen talentua bultzatzen du Maketa Lehiaketaren eta "Behekaldea"ko kontzertuen bidez; euskal musikarien lana aitortu eta haiekin hartu-emana sustatzen du Gaztea Sarietan; presentzia du Euskal Herriko jaialdi nagusietan (ZeidFest Gaztea, Bilbao BBK Live…) eta kalera ere irteten da, entzuleekin egoteko. Ekimen horietan guztietan lanean jarraituko dute, eta, horrekin batera, euskarazko ikus-entzunezko euskarriak sustatzen eta berriak probatzen.