EITB TALDEA
Urtemuga
FORTAk EITBren Bilboko egoitzan egin du urteko biltzarra bere 35. urteurrenean
EITB Media
Bileraren ostean, Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioko kideek topaketa izan dute Imanol Pradales lehendakariarekin, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan.
-
FORTAko ordezkariak Imanol Pradales lehendakariarekin
Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioa (FORTA) Euskadira etorri da bere 35. urtemuga ospatzera. Estatuko ikus-entzunezko komunikabideen oraina eta etorkizuneko joerak aztertzeko Donostiako Miramar Jauregian asteazkenean egindako uda ikastaroaren ondotik, urteko biltzarra egin du ostegun goizean, EITBren Bilboko egoitzan. Ondoren, FORTA osatzen duten 12 irrati eta telebista erakunde autonomikoetako ordezkariek topaketa egingo dute Imanol Pradales lehendakariarekin, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan.
EITBra egindako bisita
FORTA 1989ko apirilean sortu zen, jabetza intelektualaren eskubideen, transmisioen, programa eta zerbitzuen trukearen eta nazioarteko erakundeetan parte hartzearen arloetan lankidetzan aritzeko helburuarekin. Urte hauetan guztietan egindako lan oparoa aitortuko dio EITBk, Gasteizko FesTVal jaialdiaren itxiera galan, larunbatean, emango dion sariaren bitartez.
EITBra egindako bisita
Lehendakariarekin izandako topaketan, Raquel Fuertes CARTVeko (Aragoiko Irrati eta Telebista Korporazioa) zuzendari nagusi eta FORTAko egungo presidenteak gogora ekarri du Euskadin jaio zela lehen kanal autonomikoa, eta horregatik ospatzen dutela hemen erakundearen 35. urteurrena.
Bere esanetan, autonomia-erkidego askotako erakundeen arteko lankidetzaren adibide aparta da FORTA. Elkarlan horrek ahalbidetu du zerbitzu publiko hurbilagoa ematea eta ikus-entzunezko sektore indartsu eta lehiakorra garatzea. Halaber, lekuan lekuko kultura eta hizkuntza zaintzen eta sustatzen lagundu du.
Lehendakariarekin egindako bilera
Gogorarazi duenez, geroz eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, FORTAko hedabideek indartu egin behar dute informazio egiazkoa eta plurala bermatzea, eta desinformazioaren eta polarizazioaren aurkako gotorlekua izan behar dute. Azkenik, FORTAk zerbitzu publikoarekin eta demokraziaren defentsarekin duen konpromisoa berretsi du.