Itxi

EITB TALDEA

EITB 2030 Estrategia

Ikus-entzunezko komunikabideen etorkizuna aztergai, FORTAk eta UPV/EHUk EITBrekin antolatutako uda ikastaroan

EITB Media

FORTAren 35. urteurreneko ekimenen barruan antolatu den prestakuntza-jardunaldiak Estatu osoko unibertsitate irakasle zein ikus-entzunezko sektoreko profesional ospetsuen parte-hartzea izan du. Streaming bidez eitb.eus-en eta EITBren YouTube kanalean izan da ikusgai.

  • FORTAko ordezkariak Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin, ikastaroa hasi aurretik

    FORTAko ordezkariak Ibone Bengoetxea lehendakariordearekin, ikastaroa hasi aurretik

Aurten 35 urte betetzen dituen Irrati eta Telebista Autonomikoen Federazioak (FORTA) antolatutako udako ikastaroa egin du asteazken honetan (irailak 4), Donostiako Miramar Jauregian. EITBrekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) lankidetzan antolatutako jardunaldiaren helburua izan da Estatuko ikus-entzunezko komunikabideen oraina eta etorkizuneko joerak aztertzea, ikuspegi akademikoa zein ikus-entzunezko industriaren begirada kontuan izanik. 

Udako ikastaroa  09:00etan hasi eta 17:00ak ingurura arte luzatu da, eta Oihane Mateos EITB Mediako arlo digitaleko albistegi burua izan du gidari. Hitzaldi eta mahai inguruei ekin aurretik, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura sailburuak ongietorria eman die bertaratu direnei, hizlari zein entzule. Ondoren, Raquel Fuertes FORTAko egungo presidenteak hartu du hitza, jardunaldiaren helburuak eta parte hartzaileak aurkezteko. 

CARTVko (Corporación Aragonesa de Radio y Televisión) zuzendari nagusi den Fuertesekin batera, Miramar Jauregian egon dira FORTAko kide diren gainerako irrati- eta telebista-erakunde autonomikoetako ordezkariak eta Enrique Lauzirica, erakundeko idazkari nagusia. 

El futuro del sector audiovisual a través de los medios de comunicación públicos autonómicos / Ikus-entzunezko sektorearen etorkizuna komunikabide publiko autonomikoen bidez izenburupean egin den ikastaroak arreta bereziaz begiratu dio adimen artifizialari, digitalizazioari eta publiko berrietara iristeko moduari. Horrekin batera, albiste faltsuen garaian informazioa nola landu aztertuko da. 

Egitarauaren barruan, hitzaldi magistralak, ponentziak eta mahai-inguruak egin dira, ikus-entzunezko industriaren eraldaketa ulertzeko, eta erronka horiei aurre egiteko profesionalek eta telebista kanalek abian jarritako estrategiak ezagutzeko. Halaber, etorkizuneko joerak eta publikoarekin zein gizartearekin konektatzeko estrategiak izan dira mintzagai. 

Ospe handiko hizlariek hartu dute parte uda ikastaroan. Horien artean daude, besteak beste, Carlos Scolari, Komunikazio Digital Interaktiboaren Teoria eta Analisian katedraduna Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean; Roberto Suárez Candel, erakundeetako balioa eta inpaktua neurtzen eta estrategiak lantzen dituen South180 enpresako sortzaile eta zuzendari exekutiboa; Francisco Campos, Santiago de Compostelako Unibertsitatean Informazio eta Ikus-entzunezko Enpresa Kudeaketako irakaslea. 

Carlos Scolari

Carlos Scolari

Horiekin batera, FORTAko 12 hedabideetan lan egiten duten komunikazioko eta informazioko profesionalak batu dira uda ikastarora. EITBtik, Jon Telletxea Transmedia eta Proiektu zuzendariordeak eraldaketa digitalari buruzko solasaldian parte hartu du, arratsaldeko lehen orduan. Oihane Mateosek, berriz, albistegien balioari eta kontsumo joera berriei buruzko mahai-ingurua zuzenduko du goizean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB