Itxi

EITB TALDEA

EITB, Euskal Zinemarekin

EITBren partaidetza duten 12 euskal ekoizpen izango dira aurtengo Donostia Zinemaldian

EITB MEDIA

Fikziozko 3 film luze, 6 dokumental, film labur bat eta 2 telesail dira. Film luzeen artean, David Pérez Sañudoren 'Azken erromantikoak' pelikularen estreinaldia izango da, euskaraz. Aurten EITB babesle ofizial da, eta Euskal Zinemaren Galaren antolatzaile. Egile Berriak Saria emango du bertan.

  • Euskal zinema 2024ko Zinemaldian

    Euskal zinema 2024ko Zinemaldian

Donostia Zinemaldiak 72. edizio honetan parte hartuko duten euskal filmen aurkezpena egin du ostiral honetan, abuztuak 30, eta bertan izan da Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria. Izan ere, aurtengo edizioan EITBren partaidetza duten 12 euskal ekoizpenek parte hartuko dute Zinemaldian: fikziozko 3 film luze, 6 dokumental, film labur bat eta bi telesail.

Horien artean, New Directors nazioarteko sailean, David Pérez Sañudoren Azken erromantikoak pelikularen estreinaldia izango da, euskaraz. Txani Rodriguezen eleberrian oinarrituta, Miren Gaztañaga da protagonista. Perlak sailean, bestalde, Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco pelikula izango dugu, gaur bertan Veneziako Mostran estreinatuko den lana; eta Made in Spain sailean, berriz, Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina.

Horrez gain, Izebene Oñederraren Etorriko da film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean proiektatuko da; eta Zinemiran, berriz, EITBren parte-hartzea duten beste sei lan: Los Williams (Raúl de la Fuente); Ciento volando (Arantxa Aguirre); Esto no es Hollywood (Jone Ibarretxe, Nere Falagan); Indarkeriaren oihartzunak (Amaia Merino, Ander Iriarte); Zortzitik infinitura (Nahia Laka); eta Erreplika (Peio Gutiérrez).

EITB etengabe ari da lanean euskal sektorearekin, euskal zinema babesteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko; eta, nola ez, euskara, zuzendari berrien lana, nazioartekotzea eta emakumeen parte-hartzea bermatzeko eta sustatzeko. Hortaz, 8 emakume zuzendarik parte hartu dute 12 ekoizpen horietan eta 7 euskarazko ekoizpenak dira.

EITB Donostia Zinemaldiaren kolaboratzailea da duela bi hamarkada baino gehiagotik; baina edizio honetatik aurrera, nabarmen handituko du presentzia, Babesle Ofizial gisa. EITBk Zinemaldiarekin duen lotura berriro ere agerian geratuko da Zinemira euskal zinemari eskainitako sailaren babesaren eta Euskal Zinemaren Galaren bitartez. Hala, irailaren 24an Donostiako Victoria Eugenian egingo den Euskal Zinemaren Galaren antolatzaile eta ekoizle izango da EITB eta, bertan, EITB Egile Berriak Saria ere emango du, euskal talentu berria aintzat hartu eta saritzeko.

Hurrengo egunean, irailaren 25an, EITB Gala izango dugu. "Itsatsita" telesailaren bigarren denboraldia estreinatuko da, eta egun horretan bertan, Instagramen ere izango da ikusgai. PRIMERAN plataformara, berriz, urrian iritsiko da.

Azkenik, irailaren 27an, gaztetxo eta familientzat, "Go!azen 11" denboraldi berriaren aurrestreinaldi handia egingo da Belodromoan. Aurten ere, salgai jarri eta berehala agortu dira sarrerak.

euskal zinema