Itxi

EITB TALDEA

Abuztuaren 17tik 25era

Bilboko Aste Nagusiari jarraipen berezia, EITBn

Emanaldi berezien artean, Marijaiari harrera, pregoia eta txupinazoa, gaueroko suak eta Bilboko musika eta txistu bandekin grabatutako erromeria izango ditugu. Bestalde, Gazteak hilaren 22ko Tatta eta Süneren kontzertua babestuko du eta MAKUSIk txoko propioa izango du jaietako Txikigunean.

  • Bilboko Aste Nagusia

    Bilboko Aste Nagusia

Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute EITBko hedabideek abuztuaren 17tik 25era. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Bizkaiko hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan.

Hasteko, larunbatean, abuztuak 17, Marijaiari harrera zuzenean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 17:45etik aurrera. Itziar Ituño aktorea izango da 2024ko pregoilaria eta Nagore Ugarte Txinbotarrak konpartsako kidea aurtengo txupinera; elkarrekin, Arriagako balkoira aterako dira, eta Marijaiarekin batera jaiari hasiera emango diote. Kontakizuna Klaudio Landak eta Alicia San Juanek egingo dute; eta Galder Perez eta Soraya Vegas erreportariek Arriaga Antzokiaren barrualdean eta kanpoaldean bildutako lagunak elkarrizketatuko dituzte.

 Gau horretan bertan, "Oholtzan" saioaren barruan, Bilboko musika eta txistulari bandek, Jai Alai dantza taldearekin batera, Areatzan eskainitako ikuskizuna izango dugu ikusgai, Ilaski Serranok aurkeztuta.

 Bestalde, igandean hasi eta aste osoan zehar, Bilboko suak zuzenean emitituko dira Ilaski Serranok eta Klaudio Landak gidatutako saio bereziaren barruan. Bertan, hainbat gonbidatu hartuko dituzte gauero.

 Aurten, Gaztea Gauaren eskutik, Tatta eta Süneren kontzertuarekin gozatu ahal izango dugu Europa parkean abuztuaren 22an.

Xabier García Ramsdenek eta Leire Torrek aurkeztutako "Quédate" saioa zuzenean emitituko da Zubizuritik ETB2n, 17:20tik aurrera, abuztuaren 19, 20 eta 21ean. Saioak jaien estaldura zabala eskainiko du, gonbidatu desberdinekin eta sorpresa askorekin.

 Azkenik, MAKUSIk txoko propioa izango du Bilboko Aste Nagusiko Txikigunean. Bertan, hainbat jarduera eta jolas topatuko dituzte etxeko txikienek, eta klubeko bazkide egiteko informazio gunea egongo da.