Itxi

EITB TALDEA

Abuztuaren 4tik 9ra

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan murgilduko da EITB

EITB Media

Zeledonen jaitsieraren emanaldia izango da abiapuntua, igande arratsaldean, ETB2n eta eitb.eus-en. Bezperan, urteroko txistulari kontzertuaz gozatu ahal izango da ETB1en. Radio Vitoria ere buru belarri murgilduko da, galdu ezineko hitzordua baita 90 urte beteko dituen irratiarentzat.

  • Andre Maria Zuriaren plaza, jendez gainezka

    Andre Maria Zuriaren plaza, jendez gainezka

Abuztuaren 4tik 9ra ospatuko diren Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute EITBko hedabideetan. Jaietako ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira telebista, irrati eta Internet bidez. Halaber, Arabako hiriburuko festa giroaren berri ere emango dute albistegi eta saio ezberdinetan. 

Zeledonen jaitsieraren emanaldia izango dugu abiapuntu, igande arratsaldean. Josune Velez de Mendizabalek egingo du kontakizuna, Ane Pedruzo lagun duela, 17:45etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en. Erreportari lanetan, elkarrizketak eginez eta kaleko giroa jasotzen, Egoitz Txurruka eta Iñaki Elorza arituko dira. 

Bezperan, motorrak berotzen hasteko, Plaza Berrian ospatutako txistulari kontzertuaz gozatu ahal izango dugu. Bertan, Gasteizko eta Euskal Herriko herri ezberdinetako txistulariekin batera, Udal Folklore Akademiako musikari eta dantzariak arituko dira, baita Indarra Dantza Taldeko kideak ere. Halaber, bi bakarlari izango dituzte gonbidatu: Idoia Asurmendi kantuan eta Aitor Furundarena akordeoiarekin. 22:30ean izango da ikusgai emanaldia ETB1en eta eitb.eus-en. 

EITBk zuzenean eskainiko ditu, halaber, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera  (asteazkenean, 11:40ean, ETB1en eta eitb.eus-en), Ilaski Serranoren eta Ane Pedruzoren kontakizunarekin, eta Zeledonen igoera (ostiralean, 00:40ean, ETB1en eta eitb.eus-en). Amaiera ekitaldian ere Ilaski Serrano arituko da esatari lanetan, eta gonbidatu izango ditu, besteak beste, Iñaki Kerejazu Zeledon berria eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea. 

Azkenik, Andre Mari Zuriaren Torneoko finala zuzenean eskainiko da ostegun arratsaldean, 17:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en. 

Radio Vitoria: egitarau bete betea 

Radio Vitoria buru belarri murgilduko da Andre Maria Zuriaren jaietan. Izan ere, bere hiriko festak galdu ezineko hitzordua da irailean 90 urte beteko dituen irratiarentzat. Programazio berezia igandean hasiko da, Zeledonen jaitsierarekin. Pilar Ruiz de Larreak gidatuko duen "Kaixo Celedon" saio berezian jarraitu ahal izango da emankizuna, 17:00etan hasi eta 22:00ak bitartean. Ondoren, Farolen Prozesioa emango dute. 

Astelehenetik asteazkenera bitartean, irratsaio bereziak egingo ditu Radio Vitoriak hiriko erdigunetik (General Loma kaletik), goizen goiz hasi eta iluntzera bitartean antolatu diren ekitaldi nagusien zuzeneko kontakizuna eginez eta jai giroaren berri emanez. Aratz Goikoetxea izango da saio ezberdinen gidaria. 

Ostegunean eta ostiralean ere tarte nabarmena izango dute festek programazioan eta jaien amaiera ekitaldia zuzenean eskainiko dute ostiral gauean. Horrez gainera, blusetako koadrilek antolatutako ekitaldi askoren laguntzaile izango da Radio Vitoria, ohikoa duen kaleko presentzia indartuz. 

EITB Taldeko gainerako irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea) ere arreta berezia eskainiko diete Andre Maria Zuriaren jaiei. Gainera, Gaztearen eskutik, Esne Beltza eta ZETAK taldeen kontzertuekin gozatu ahal izango dugu Foruen plazan, abuztuaren 4an eta 8an, hurrenez hurren.