Itxi

EITB TALDEA

PRIMERAN

100.000 erabiltzaile ditu jada gure euskarazko streaming plataformak: 100.000 gara eta PR1MERAN gaude

EITB Media

Oraindik urtebete ez da martxan jarri zela, eta PRIMERANek 100.000 harpidedunen kopurua gainditu du. Arrakasta horri orain arte lortutako sariak gehitu behar zaizkio: besteak beste, Kazetaritza Digitala 2023 saria eta OTT Proiektu Onenari golardoa TM Broadcast 2024 ospetsuetan.

0:29

2023ko irailaren 15ean jaio zen PRIMERAN, euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena; eta, hamar hilabete hauetan, 100.000 harpidedun baino gehiago bildu ditu doako plataformak. Marka hori behar bezala ospatu nahi du, hain zuzen ere, 100.000. zenbakia duen erabiltzailea sarituta. Ostiral honetan eman dute sariaren berri PRIMERANeko Instagram kontu ofizialean. Ospakizuna, baina, ez da hor amaitzen; izan ere, bigarren sari bat ere zozketatuko da @pr1meran kontuan.

Euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena da PRIMERAN, doakoa. Denetariko eskaintza du, baita eduki esklusiboak ere; eta astero dakartza titulu berriak. Hilabete hauetan, euskal zinema onenaren arrakasta handiak estreinatu ditu, euskaraz, tartean 20.000 especies de abejas (2023), Gelditasuna ekaitzean (2023), Udaberriaren sagarapena (2022), Unicorn wars (2022) eta El Vasco (2019) filmak. Ostegun honetan bertan, Batez ere gauez (2023) iritsi da plataformara. Victor Iriarte euskal zuzendariaren lehenengo film luzea da, eta Venezia Mostrako Giornate degli Autori sailean estreinatu zen iaz. 

Euskarazko fikziozko telesailak dira PRIMERANen beste zutabe nagusietako bat, "Itxaso", "Toure Detektibea" eta nazioarteko proposamen onenen eskutik. Originalak katalogoan, berriz, denetarikoak daude, hala nola "Iban & Maite Beauty", "Itsatsita", "Surfing 360" eta "Altxa Komedia". PRIMERANen ere estreinatu dira, berebat, Iribar, atezaina (2023) eta Unzué. Juancarren azken taldea (2023) dokumentalak.

Gainera, datorren astetik aurrera, zuzeneko emanaldiak eskainiko ditu streaming bidez. Donostiako Dantz Festival jaialdia izango da lehen proposamena, uztailaren 18an, 20:30ean, Saguesetik. PRIMERANek uda honetan eskainiko dituen zuzeneko musika elektronikoaren sei emanaldietatik lehena izango da.

Nahikoa da plataforman erregistratzea horiekin guztiekin eta askoz gehiagorekin gozatzeko. Izan ere, egun, 7000 eduki inguru daude PRIMERANen, eta horietatik % 95 euskaraz. Zehazki, % 91k euskarazko audioa du, eta gainerakoek azpitituluak.

200.000 harpidedunen langari  begira jarri da jada PRIMERAN,  ikusleen aldetik izandako harrera bikaina ospatzeaz batera. Publikoaren arrakasta horri sektoreak berak egindako aitortza ere gehitu behar zaio. Izan ere, 2023ko Kazetaritza Digitala saria jaso zuen Euskal Kazetaritza Sarietan, eta OTT Proiektu Onenarena TM Broadcast 2024 entzutetsuetan. 

100.000 gara eta PR1MERAN gaude. Ospa dezagun.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea