Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

EITBren eskutik

"La Calle Sin Gobierno" ETB2ko saio berriaren aurrestreinaldia egin da Balmasedan

EITB MEDIA

Bertan egon dira saioan parte hartu duten herritarrak, Xabier Garcia Ramsden aurkezlea, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Txetxu Txarramendieta Balmasedako alkateorde eta Kultura zinegotzia.

0:00

"La Calle Sin Gobierno", Euskal Herrian aurrekaririk ez duen esperimentu soziologikoa, estreinatuko da ostegun honetan (uztailak 11), ETB2n eta eitb.eus-en. Balmasedako kale bateko bizilagunek sei astez udal zergak ordaintzeari utziko diote, eta elkarlanean egin beharko dute auzoaren kudeaketa eguneroko bizimoduari eutsi ahal izateko. Herritarrek erronka horri nola aurre egiten dioten erakutsiko digu astero Xabier Garcia Ramsden kazetari eta aurkezleak saio berritzaile honetan.

Estreinaldiaren bezperan, Balmasedako herritar guztiei zabaldutako aurkezpen ekitaldia egin du EITBk Klaret antzokian, 19:30ean. Bertan egon dira saioan parte hartu duten herritarrak, Xabier Garcia Ramsden aurkezlea, Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta Txetxu Txarramendieta Balmasedako alkateorde eta Kultura zinegotzia. 

Garcia Ramsden, Iparragirre eta Txarramendieta

Garcia Ramsden, Iparragirre eta Txarramendieta

Herriko sei familia izango dira esperimentu honetako protagonistak. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuei uko egin eta gero, euren kabuz moldatzen ikasi beharko dute: Zer gertatuko litzateke gure zaborra inork jasoko ez balu? Eta argirik gabe geratuko bagina? Nola jokatuko genuke garabiari deitzeko aukerarik izango ez bagenu? Eta auzotik igarotzea ezinezkoa balitz?

Pertsona horiek biziko dituzten egoerak erakutsiko ditu saioak: krisiak, ika-mikak, hausturak, bateratzeak, negarrak, barreak… Esperimentua amaitzen denean, parte hartu duten familiek erabaki beharko dute burujabeak izaten jarraitu nahi duten edo Udalaren kide izatera pasa nahi duten  berriz ere.

"La Calle Sin Gobierno" ostegunero izango dugu ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en, Xabier Garcia Ramsden kazetariak aurkeztuta.