Itxi

EITB TALDEA

Dokumentalik onenak, euskaraz

'Unzué. Juancarren azken taldea' dokumentala estreinatu du PRIMERAN plataformak

EITB MEDIA

Hain zuzen ere, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Munduko Egunean bertan jarri du lana ikusgai. Gaixotasun neurodegeneratibo hori ikusarazteaz gain, futbolari ohi nafarrak ikerketako dirua biltzeko ekitaldi handia antolatzea du helburu, eta prozesu hori ere erakusten du zintak.

  • 'Unzué. L'últim equip del Juancar' dokumentalaren irudia.

    'Unzué. L'últim equip del Juancar' dokumentalaren irudia.

Zinemarik onenaren bi estreinaldi berri dakartza aste honetan PRIMERAN euskarazko edukien doako streaming zerbitzurik handienak, oraingo honetan dokumentalak.

Hala, ekainaren 21ean, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Munduko Egunean, Unzué. Juancarren azken taldea (Unzué. L'últim equip del Juancar, 2023) lana jarri du ikusgai PRIMERANek. Juan Carlos Unzué futbolari eta entrenatzaile ohiaren egunerokotasunaren erretratua da, bi urte eta erdiz, 2020ko ekainean AEA gaixotasunaren diagnostikoa jakitera eman zuenetik. Unzuek bi helburu ditu: batetik, AEA ikusaraztea; eta, bestetik, ekitaldi handi bat antolatzea ikerketarako ahalik eta diru gehien biltzeko. Dokumentalak FC Bartzelonako eta Manchester Cityko agintariekin egindako bileren eta elkarrizketen jarraipena egiten du, gerora Camp Noun jokatu zen futbol partida antolatzeko. Diru-bilketak markak hautsi zituen. Aldi berean, Juan Carlosek bere etxeko ateak ere ireki ditu, bere endekapen fisikoa erakusteko. Xavier Torresek, Santi Padrok eta Jesús Muñozek zuzenduta, Malagako Zinemaldian aurkeztu zuten filma.

PRIMERAN euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena da, doakoa. Denetariko eskaintza du, baita eduki esklusiboak ere; eta astero dakartza titulu berriak. Horietako bat da Udalatx. Ura eta atxa (2023). Udalatx bizidunen bizitoki izan da antzinatik. Harriek, mineralek, altzairuak eta burdinak estali dute Udalatx, barrutik zein kanpotik. Mendetan zehar ustiatu dira hark eskainitako baliabideak. Betierekoa iruditu arren, ordea, iragankorra da eta Udalatx ere agortuz doa. Eñaut Iturbe Anduagak eta Iban Ayesa Azkoagak zuzendu dute.

Nahikoa da PRIMERAN plataforman erregistratzea honetaz eta askoz gehiagoz gozatzeko, doan.