EITB TALDEA
Euskal zinema
'Gelditasuna ekaitzean' filmaren estreinaldia, PRIMERAN plataforman
EITB MEDIA
Euskal zinema protagonista dugu oraingoan ere PRIMERAN euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handienean. Alberto Gastesik zuzenduta, Loreto Mauleón eta Iñigo Gastesi dira aktore nagusiak, eta EITBren parte-hartzea du lanak.
-
'Gelditasuna ekaitzean'
Euskal zinemaren estreinaldi berria dakar aste honetan PRIMERANek: Gelditasuna ekaitzean (La quietud de la tormenta, 2023) filma ikusgai izango dugu ekainaren 13tik aurrera, euskaraz. Iraganaren eta orainaren artean, beste garai batean beste bide batzuk hartzeko aukera izan zuten bi pertsonaren maitasun-istorioa jorratzen du. Alberto Gastesi dugu zuzendaria, eta Loreto Mauleón, Iñigo Gastesi, Aitor Beltrán eta Vera Milán, berriz, protagonista nagusiak.
Lara Paristik Donostiara itzuli da Telmorekin, bere bikotekidearekin, hirian behin betiko bizitzeko asmoz. Daniel, berriz, ez da inoiz hiritik atera. Vera neska-lagunarekin bizi da, eta amaren agentzian egiten du lan. Lararen eta Danielen bizitzak gurutzatu egingo dira salgai den etxebizitza batera egindako bisitan; baina, agian, ez da elkar topatzen duten lehen aldia. Donostian filmatuta dago pelikula, 4:3 formatuan eta zuri-beltzean, EITBren parte-hartzearekin.
Ezin duzu euskal zinemaren altxor hau galdu! Gelditasuna Ekaitzean, Loreto Mauleón, Iñigo Gastesi, Aitor Beltrán eta Vera Milan protagonista dituen amodiozko filma.
— Primeran (@Pr1meran) June 11, 2024
Ostegunean Primeranen ikusgai ¿ https://t.co/o1X9lbrTiS#Primeran #GelditasunaEkaitzean pic.twitter.com/zQ6QZQHcMs
Hala, film berria dugu PRIMERANeko Euskal Zinearen Berriena atalean, orain gutxi bertan estreinatu diren Unicorn wars (2022) eta Udaberriaren sagarapena (La consagración de la primavera, 2022) pelikulekin batera, hauek ere EITBren parte-hartzearekin. Azken lan horrekin aktore berri onenaren Goya saria jaso zuen Telmo Irureta zumaiarrak.
PRIMERAN euskal eta euskarazko edukien streaming zerbitzurik handiena da, doakoa. Denetariko eskaintza du, baita eduki esklusiboak ere; eta astero dakartza titulu berriak. Hala, PRIMERAN Originalak atalaren barruan, "Surfing 360" dokumental sail berritzailearen lau atal berri izango ditugu ikusgai ostegunetik aurrera: Islandia, Costa Rica, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko olatu ikusgarrienak, inoiz ez bezala, Xabi Lopezen eskutik.
Nahikoa da PRIMERAN plataforman erregistratzea honetaz eta askoz gehiagoz gozatzeko, doan.